Osasun publikoaren aldeko herri plataformek azkenaldian nahiz aurrerago dei ditzaketen mobilizazioetatik haratago, gehiengo sindikalak ere greba eta protesta ekintzak iragarri ditu uda osterako Osakidetzan; zehazkiago esanda, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, negoziazio kolektiboa defendatzeko "eta profesionalei zein herritarrei eragiten dieten arazo nagusiei benetako konponbideak" galdegiteko. Laster iragartzekoak dira mobilizazioon egutegia. "Osakidetzari eskatzen diogu negoziazio-prozesu bat ireki dezan, langile guztientzako benetako konponbideak lortzeko eta euskal herritarren osasun-arreta hobetzeko".
"Negoziazioa defendatu. Orain da garaia! Kalitatezko osasun publikorako baldintza duinak" aldarripean, langileei eta herritarrei dei egin diete, "Osakidetzaren beste eredu bat defendatzeko, publikoa, indartsua, eskuragarria eta elkarrizketaren, negoziazio kolektiboaren eta kolektibo guztien arteko tratu-berdintasunaren bidez eraikia. Lan-baldintza onik gabe ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik".
"Funtsezko gaiak jorratu gabe"
Argi utzi nahi izan dutenez, "mobilizazio horiek ez dira ezein kolektibo profesionalen aurkakoak, baizik eta Osakidetzako taldeen kohesioaren aldekoak. Osasun publikoaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren hobekuntzak negoziazio kolektiborako bidezko organoak errespetatuz lortu behar dira. Egoera horren erantzule bakarra Osasun Saila da, eta haren estrategia elikatuko ez ditugun kolektibo eta kategoriei aurre egitea da".
Sindikatuon esanetan, "Osakidetzak eta Medikuen Sindikatuak lortutako akordioak ez die kolektiboaren aldarrikapenei erantzuten, eta ez die aurre egiten euskal osasun-sistema publikoaren egiturazko erronkei. Gainera, funtsezko gaiak jorratu gabe uzten ditu, hala nola, profesionalik eza, plazak betetzeko zailtasunak, belaunaldi-erreleboa, asistentzia-gainkarga edo lan-baldintzen hobekuntza, lan-gainkargan eta autokontzertazio-sistema batean oinarritutako eredu bat sendotuz, zeina, 25 urte baino gehiagoko indarraldiaren ondoren, egungo egoeraren erantzuleetako bat baita".
Sindikatuok kezka agertu dute, "akordio hori negoziazio kolektiborako ohiko bideetatik kanpo bultzatzen ari delako, Mahai Sektorialaren zeregina ahulduz. Mahai Sektoriala SMErekin adostuta dago, eta ezin da hartu medikuen kolektiboaren baliozko solaskide bakartzat, Mahai Sektorialeko beste sindikatu batzuk ere ordezkatuta baitaude".
Hiru helburu
Horrez gain, "aparteko orduetan oinarritutako eredu bat ez da iraunkorra, eta aparteko jarduera, aparteko orduak eta autokontzertazioa ezin dira osasun publikoaren egiturazko arazoen ohiko erantzun bihurtu. Egoera jakin batzuk garaiz arindu ditzake, baina ez ditu profesional faltaren funtsezko arrazoiak konpontzen, ezta sistemaren etorkizuneko iraunkortasuna bermatzen ere. Hori dela eta, mobilizazio horien helburua ere bada langileen politikei behin betiko buelta ematea".
Horregatik, udazkeneko mobilizazioek hiru helburu nagusi izango dituzte: akordio arautzailea osorik eguneratzea, "kontziliaziorako, erantzukidetasunerako, ordainsarien hobekuntzarako, lanaldiaren hobekuntzarako, enpleguaren kalitaterako eta langileen eskubide guztietarako neurri eraginkorrak txertatuz"; bigarrenik, "euskal osasun-sistema publikoa hobetzea, plantillaren premiei buruzko azterlan bat eginez. Azterlan horrek aukera emango du egiturazko defizitak identifikatzeko, profesionalen eskasia-egoerei aurrea hartzeko, lan-karga handiak ebaluatzeko eta arintzeko, ordezkapenak ziurtatzeko, belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko, langileen lan-osasuna bermatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko, haien eskubideak bermatuz"; azkenik, "ordezkaritza eta negoziazio kolektiboa errespetatzea, langileen eta euskal osasun-sistema publikoaren baldintzak hobetzeko oinarrizko eskubide gisa, pribatizazioen eta kanporatzeen aurka borrokatuz".