Dantza batean eta lasterka bizian jarri ditu Lauburu Usurbilgo Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak asteazken honetan, uztailaren 29an, Zubietako Herri Jaietara joandakoak. Haur, gaztetxo eta gurasoak kalejiran abiarazi ditu arratsaldeko 18:00etan bertako plazatik. Zubieta erdiguneari itzulia eman diote. Erraldoiek dantza bizi eta ikusgarriak eskaini dizkiete bertan zirenei. Buruhandiak lasterketa bizi askoak eragin dituzte bidean.
Frontoiari itzulia eman diote lehenik, Barazar aldera jo dute gero, eta errebote plaza zeharkatu ostean abiapuntura itzuli dira konpartsako kideak.
Zubietara eginiko bigarren bisita izan da aurtengoa. Iaz hasi zen Lauburu Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan parte hartzen, Udalarekin sinaturiko lankidetza hitzarmenaren testuinguruan. Hala egin zuten, gainera, konpartsa buruhandi berriekin indartu ostean.
Iaz egin zuten Zubietara estreinako bisita, jendetsu askoa izan zen. Lauburuk izandako harreraren irudia errepikatu da aurtengoan.
Izena eta izana
Izena eta izan propioa dute Lauburu konpartsako erraldoi eta buruhandiek. “90. hamarkadan Irungo Garate etxeak” sortu eta 2016an berritutakoak dira bi erraldoiak; Ixidro baserritarren zaindaria eta herriko zaindariari gorazarre egin nahi dion Ixabel. “Izenik gabe egon ziren urte luzez”, gogorarazi digute Lauburu konpartsakoek. Baina deskribatu moduan, “egun badute nortasun propioa” eta izena ere bai.
“Landa eremutik herrira hurbiltzeko ohitura handia zuten bere produktuak saltzera eta jai giroaz gozatzera”. Xehetasunokin Lauburu konpartsak argitu duenez, “herriko nekazal jardueraren pisu nabarmenaren adierazle dira oraindik bizirik eta jardunean dirauten hainbat baserri”.
Aukeratzen lehena
Horrekin batera, Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan lasterkaldi bizi askoak eragiten segiko duten tximu, deabru, pailazo edota akerrarekin, iaz ikusmin itzela eragin eta estreinakoz, Usurbilgo jaien hasiera ekitaldian aurkezturiko buruhandi talde berria ere itzuli da aurten. Gogoan izan, sei dira, seiak herri honen nortasunari, ogibideei estuki lotutakoak. Haien artean da, nola ez, basurdea, “Usurbilgo ikur berezia!”, Lauburu konpartsako kideen esanetan, “buruhandi talde berria diseinatzerakoan hauxe izan zen aukeratzen lehena”. Zergatiak azalpen askorik behar ez duen arren, ezaguna denez, “gure armarrian ageri da eta herriko basoekin eta naturarekin lotura estua du”. Horrekin batera, “urteetan zehar, herriko sinbolo ere izan da, talde ezberdinen irudi izateraino. Letagin zorrotz eta belarri tentekoa, beldurra eta jakin-mina pizten ditu aldi berean”.
Aginagako Mapil aldetik itzulio zaigu bigarren buruhandia jaiotan. Bertako arotzak “irudikatzen du hiru lanbideetatik lehena: zurgintza eta ontzigintzaren ordezkaria da bera”. Garai hartako artisauak omentzen ditu, soinean ekarriko dituen laneko jantziekin. Berak ontzigintza bizi asko zegoen garaiko Aginagarekin lotura estua du.
Mapileko arotzak ez du urruti izaten aharia, herri honen garai bateko ohitura oroitarazten laguntzen duena; ahari borrokak hain zuzen. “Bi ahariren arteko talketan oinarritutako jokoak ziren eta plazak jendez betetzen ziren” iazko mende hasieran hain zuzen, azaldu dute Lauburu konpartsatik. Iragarri dutenez, “mutur adar handikoa, gure aharia aurrean jartzen den edonor baztertzeko prest dago!”.
Ahariaz gain, oilarra ere badu buruhandi talde berrituak, “herriko jai giroko protagonista nagusia” dena. Izan ere, leku gutxitan eusten dioten ohitura zahar bati lekua ematen dio jarraitzen dio herri honek. “Oilasko biltzea gabe, nekez ulertzen dira Usurbilgo jaiak”. Oilarrak giro hori irudikatzen du. “Trikiti doinuen eta festazaleen artean ihesi dabilen oilarra” da, konpartsakoen esanetan.
Errotaria eta angularia
Ogibide gehiago ere irudikatzen du buruhandi talde berriak. Iazko estreinalditik bueltan izan dugunon artean da, emakumezko errotari gaztea, “Usurbilgo ondarearen zati garrantzitsu” gisa definitzen duena Lauburuk. Izan ere, “garai batean, errotak ezinbestekoak ziren”. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako familia giroko ogibidea “garia eta artoa xehatzeko” baliatzen zen. Errotarrien harria, “Andatza menditik ateratzen zen”.
Berarekin etorri da berriz baita Aginagako erriberako angularia. “Aginagako angulak gure kulturaren parte eta ikur dira. Bertako jende askok jardun izan du lan” ogibide horretan. “Eskuetan sareta eta kriseilua” eta soinean, “jaka horia, mahoizko galtzak” darama “bibote handiko agureak”.