"Afaltzen ematea ez da delitua, eskubidea da!"

Noaua Aldizkaria 2026ko uztailaren 30a

Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak ekimena debekatu izana salatzeko mobillizazio jendetsua egin dute asteazken honetan Gipuzkoako hiriburuan; tartean ziren hainbat usurbildar ere. Izan ere, herritar talde bat ekimen solidarioan parte hartzen aritu da azken urtebetean.

"Donostiako Udalak 300 pertsona baino gehiago afaldu gabe utzi ditu", alternatibarik gabe. Hala salatu dute manifestazio bidez, asteazken honetan, uztailaren 29an Donostiako kaleetan barrena. Gipuzkoako hiriburuko erakunde nagusiak Kaleko Afari Solidarioak (KAS) bere jardunarekin jarraitzea debekatu ostean, jendetza mobilizatu da otorduok banatzen diren eremuen bueltan. Izan ere, asteazkeneko manifestazioak Donostiako Alde Zaharreko Plaza Berria eta Foru Aldundiaren egoitza atariko Gipuzkoa plaza lotu ditu, "KAS debekatua. 300 pertsona afaltzeko alternatibarik gabe. Afaltzen ematea ez da delitua, eskubidea da!" aldarripean.

Donostiako Udalari debeku hori bertan behera uztea exijitu diote, "harik eta erakundeek inork kanpoan utziko ez duen alternatiba erreal eta bideragarri bat antolatu arte". Izan ere, gaurkoz "inork ez die afaltzera etorri ohi diren pertsonei jakinarazi beste inolako baliabide edo alternatibarik eskura dezaketenik", nahiz KAS-etik oroitarazi moduan, "behin eta berriz eskaini diogu Udalari alternatiba duinagoak eta seguruagoak bilatzeko laguntza".

Bigarrenik, "migrazioa eta delinkuentzia lotzen dituzten diskurtsoak sustatzeari" uztea galdegin diote hiriburuko Udalari. Ildo horretan, oso larritzat jo dituzte Donostiako alkateak eginiko adierazpenak, "non esplizituki aipatzen duen afari solidarioek delinkuentziara dei efektua egiten dutela. Baieztapen horiek zaurgarritasun egoeran dauden pertsonenganako gorrotoa eta beldurra sustatzeko baino ez dute balio, eskuin muturraren diskurtsoekin bat eginez. Gure lana gutxiesteaz gain, seinalatu eta kriminalizatu egiten gaitu".

Azkenik, "herritarren ekimen solidarioak gutxiesteari eta kriminalizatzeari utz diezaiola" exijitu dute. Horrekin batera, "hitz hutsak eta populistak alde batera utzi eta urgentziaz lanean hasteko" eskatu dute.

Ostegun honetan, uztailaren 30ean biltzekoak dira KAS-eko ordezkariak Donostiako alkatearekin.

Usurbilen KAS taldea
Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa 2020an sortu zuten Donostian. Ekimen solidario horren baitan, kalean bizi direnentzako sukaldatutako afari beroa prestatu eta banatzeari ekin zioten. Asteazkeneko mobilizazioan adierazi moduan, "humanismoa da azken sei urteetan KAS izan dena eta KAS-ek egin duena".

Manifestazioan zehar, hainbat usurbildarrek parte hartu zuten. Izan ere, gogoan izan, iazko udazkenean zehar abiarazi eta osatu zuen herritar talde batek ekimen horrekin bat egiteko bilgunea. Hedabide honetara igorritako oharraren arabera, "dakizuenez, Usurbilgo herritarrok Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) proiektuan parte hartzen dugu, bertako langileei lan-karga arintzeko asmotan". 

Aipatu moduan, boluntario sare horrekin bat egin zuen udazkenean Usurbilgo herritar talde batek. Hitzaldi bat antolatu zuten hasteko, urriaren 31n Potxoenean, egitasmo honen berri jasotzeko. Gerora, lehen afari solidarioa prestatzea erabaki zuten. Horretarako, elikagaien eta baliabideen bilketa antolatu zuten azaroa amaieran Usurbilen eginiko bi azoka egunetan; Hurbilagoren Udazkeneko Azoka egunean eta biharamuneko 24. Erle Egunean. 

Bildutako elikagaiokin sukaldatu dituzte orain arteko afari solidarioak. Iazko abenduaz geroztik, hilero sukaldatu dituzte udaberri honetara arte otorduok Aitzaga elkartean eta gero, Donostiara garraiatu izan dituzte, han bana ditzaten.