Inoiz baino jende gehiago gaurkoan, aldi berean zerura begira, baita oporraldi betean eta ia hutsik den Usurbilen ere. Hainbestetan azaldu diguten moduan, eguzki-eklipse historikoa izan da, egun bizi garenok behin bakarrik ikusteko aukera izan duguna, hurrengoa 2183. urtean izango baita.
Eklipse osoa izan da, hau da ilargiak erabat estali du eguzkia eta hala ikusi ahal izan dute Euskal Herriko nahiz nazioarteko hainbat txokoetatik. Usurbilen eta inguruetan, aldiz, eklipse partziala ikusi ahal izan dute, ia erabatekoa. Kasu honetan, ilargiak ez du erabat "itzali" eguzkia, baina bai ia osorik; %99,8an estali du.
Halere, herrian zirenek edo bisitan heldutakoek zuzenean bizi nahi izan dute hitzordu historiko hori. Besteak beste, Bizkarreko parkean bildu dira hainbat lagun edota baita San Esteban aldean ere.
Afari-merienda egiteko hautatu dute hainbatek. Familia giroan nahiz lagunartean bildu dira une errepikaezin hau bertatik bertara ikusteko, babeserako beharrezko neurriak hartuta; beharrezko betaurreko bereziak jantzita.
Eklipsea bizitzeko baldintza klimatiko ezinhobeak izan dira; oskarbi izan da. Honenbestez, eklipsea garbi ikusi ahal izan da. Arratsaldeko 19:30ak pasatxoan ikusi ahal izan da, nola ilargia estaltzen joan den eguzkia. Iluntzen joan da zerua. 20:30ak jotzeko minutu gutxi falta zirela ikusi ahal izan dute eklipsearen une magikoena, begi-ninietan betiko iltzatua geratuko den oroitzapena, iluntasun maila handieneko tartea; tarte laburra baina ahaztezina.
Fenomeno errepikaezin honek bi ilunabar eragin ditu, 2026ko abuztuaren hamabigarren honetan.