GuraSOSen esanetan, "dagoeneko 13 sute baino gehiago izan dira. GHK sute ia denak ezkutatzen saiatzen da. Langileak arriskuan jartzen ditu suhiltzaileen esku-hartzerik gabe itzaltzen saiatzeko, gertaerei zabalpenik ez emateko. GHK-k beti desbideratzen du erantzukizuna instalazioaz kanpoko eta plantan garatutako jarduerarekin zerikusirik ez duten jardueretara. Dena den, GHK da ingurumen-baimenen titularra, eta berari dagokio jarduerari loturiko neurri zuzentzaileak betetzea".
Langileentzat ez ezik, ingurumen aldetik suteek duten larritasunean ere ipini nahi du arreta GuraSOSek: "Sute horiek itzaltzeko erabilitako ur-ekarpenaren ondorioz isurketak sortzen dira".
"Nork kontrolatzen du beste aldera begiratzen duen kontrolatzailea?"
Erraustegia martxan jarri ahal izateko indarrean den ingurumen-baimenak "gogorarazten du ingurumen baimen integralean ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste larri edo oso larri gisa zehaztua dagoela", dio GuraSOSeko prentsa-ohar bidez. "Aipatu dugu jada 13 sute baino gehiago direla, eta horietakoren bat langileentzat arriskua izan duen istripu industrial larritzat kalifikatu dute, transformadorearen sutea kasu. Beste batzuek ingurumen-delitu gisa ikertzen ari diren lixibiatuen isurketak eragin dituzte. Hala ere, Ingurumen Sailburuordetzak ez dio zehapen-espedienterik ireki GHKri, horrela, GHKren erantzunkide (ezkutatzaile) bihurtuaz, hondakinen sarreraren kontrol neurriak betearazteko duen betebeharra sistematikoki ez betetzeagatik. Nork kontrolatzen du beste aldera begiratzen duen kontrolatzailea?".
GHK-k informazio-espediente bat zabalduko duela iragarri du.