SUTEA ERRAUSTEGIAN

GHK-k espediente bat irekiko du, "informazioa bildu eta neurri eraginkorrak hartzeko"

Erredakzioa 2026ko abuztuaren 24a

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako kontsortzioaren lehen balorazioan, jaietako material piroteknikoan eta sukoian ipini zuen fokua. Handik egun batzuetara ordea, espediente bat irekiko duela iragarri zuen, azken sutea zerk eragin duen argitzeko.

Abuztuaren 19an, "eguerdian, sute hasiera txiki bat antzeman da GIG-1eko tamaina handiko hondakinak txikitzeko hobian. Instalazioko bitarteko propioen bidez, gertakaria kontrolatu eta sute-hasiera itzali da, ondoren suhiltzaileek gainbegiratuta, eta ez da kalte materialik izan. Ezarritako jarduketa-protokoloari jarraituz, suhiltzaileei abisua eman zaie, eta instalazioetara joan dira sutea behar bezala itzali dela egiaztatzeko".

Abuztuaren 19an bertan, GHK-ren web orrian jasoak zetozen hitz hauek. "Prebentzio-neurri gisa, sua itzaltzeko lanetan parte hartu duten bederatzi langile ospitalera eraman dituzte, kea arnasteagatik artatuak izan zitezen. Horietako inork ez du larritasunik".

"GHK-k berriro gogorarazi nahi die mankomunitate guztiei instalazioetara material sukoiak edo baimendu gabeko materialak sartzeko debekua zorrotz betetzearen garrantzia"

Sutea zerk eragin zuen jakiteko ikerketarik egingo ote den ez zen argitzen abuztuaren 19ko balorazioan, baina iradokizun bat egiten zen: "GHK-k berriro gogorarazi nahi die mankomunitate guztiei instalazioetara material sukoiak edo baimendu gabeko materialak sartzeko debekua zorrotz betetzearen garrantzia. Betebehar horrek garrantzi berezia hartzen du jai-garaian, hondakinen artean material pirotekniko eta sukoien presentzia handitu egiten baita. Material horiek behar bezala bereiztea eta segurtasun-arauak betetzea funtsezkoa da arrisku-egoerak saihesteko eta bai langileen bai instalazioen segurtasuna bermatzeko".

Azkenik, lankidetzarako deia berresten zuen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako erakundeak: "Mankomunitateen lankidetza ezinbestekoa da instalazioen segurtasuna bermatzeko eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketa-sistemaren funtzionamendu egokia ziurtatzeko".

 

GHK-k espediente bat irekiko du, "informazioa bildu eta neurri eraginkorrak hartzeko"

Zubietako erraustegiko langile batzordeak azken egunotan bertan izandako sutea salatu ondoren, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) espediente bat irekiko duela iragarri zuen, gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko. Hain zuzen ere, langile batzordearen arabera, langileek itzali behar izan zuten sua eta bederatzi langile artatuak izan behar izan ziren. Ekondakinek esan duenez, gunearen segurtasun sistemak ez zuen “akatsik”. 

Irutxulo hedabidean zehazten denez, "GHKren arabera, espedientearen helburua da informazioa biltzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Sutearen harira, erakundeak berretsi du sutea “kontrolatu eta itzali” egin zutela eta ez zela kalte material nabarmenik izan. Aldiz, ez dago argi nola piztu zen sutea".

 

Ekondakin: "Instalaziotik kanpoko faktoreek eragiten dituzte halako gertaerak"

Ekondakin enpresak kudeatzen du erraustegia eta egunotan hedabideetara zabaldu duen balorazioaren arabera, "halako gertakariak noizean behin gertatzen dira, eta instalaziotik kanpoko faktoreek eragiten dituzte, hau da, ez dute zerikusirik plantan garatzen den jarduerarekin. "Instalazioetan lan egiten duten pertsona guztien segurtasuna eta osasuna erabateko lehentasuna direla argi utzi nahi da".