SUTEA ERRAUSTEGIAN

"Ateak ixten dizkigute eta barruan sortzen den ke guztia nahikoa toxikoa da"

Erredakzioa 2026ko abuztuaren 24a

Gotzon Intxaurrandieta LABeko delegatuak adierazpen batzuk egin ditu gaurko elkarretaratzean. Abuztuaren 19ko ezbeharraren ondorioz bederatzi langile artatu behar izan zituzten osasun zentro ezberdinetan, "eta hori oso larritzat jotzen dugu. Urtebete luze daramagu behin behineko lanuzteak eta elkarretaratzeak egiten, enpresarekin hitzarmen bat lortzeko”. Egoerak bere horretan segitzen badu, irailerako mobilizazio berriak iragarri ditu LAB sindikatuko ordezkariak.

“Hemen gaude berriz ere beste kontzentrazio bat egiten, abuztuaren 19 egon zen sutea salatzeko”. Gaur erraustegiko langileak lantegiko atarian batu dira, aurreko asteko sutea salatu eta lan baldintza hobeak eskatzeko. LABeko delegatu Gotzon Intxaurrandietak bideo honetan azaltzen duenez, abuztuaren 19ko ezbeharraren ondorioz “bederatzi lagun artatu behar izan zituzten osasun zentro ezberdinetan. Eta hori oso larritzat jotzen dugu. Urtebete luze daramagu behin behineko lanuzteak eta elkarretaratzeak egiten, enpresarekin hitzarmen bat lortzeko”.

Nonbait, kale garbiketarako hitzarmenarekin ari dira lanean, “baina hemengo berezitasunak ez ditu jasotzen hitzarmen horrek. Beraz, berezitasun horiek ere sartu nahi ditugu. Kasu gutxi egiten digute, aurrerapauso oso txikiak egin ditugu. Toxikotasun handia duen planta bat da hauxe, eta horren ondorioz ikuskaritzan lau salaketa sartu ditugu dagoeneko. Ateak ixten dizkigute eta barruan sortzen den ke guztia nahikoa toxikoa da, eta horren inguruko salaketak egin ditugu”.

Ez dira langileek egindako eskaera bakarrak. Gotzon Intxaurrandietak hainbat xehetasun eskaini ditu horren inguruan: “Plus batzuk eta horren inguruko eskaera ekonomiko batzuk egin ditugu. Baina enpresak dirurik ez daukala esaten du beti. Jakin badakigu dirua badagoela. GHK-k eta Foru Aldundiak beste aldera begiratzen dute, kontratua emanda dagoela esanez. Baina Ekondakinen kasuan, badakigu azkeneko urteetan 15 milioi euro banatu dituela beraien bazkideen artean. Esaten dute dirurik ez dagoela, baina hau trilero joko bat da".

Hau dena salatzeko, mobilizazio berriak hasiko dituzte irailean.