Ez du eragin abuztuaren 12ko adina ikusminik, baina hilabete honetako bigarren eklipsea izan dugu ostiral goizalde honetan, abuztuaren 28an. Duela bi astekoa, ilargiak eguzkia "itzaldu" zuen erabat hainbat lekutan, Usurbildik partzialki ikusi ahal izan zen. Oraingo honetan, Lurrak ilargia estali du goizalde honetan zehar, ia osoki. Goizaldeko 4:34an hasitako fenomenoaren baitan, 6:00ak pasatxoan izan da estaldura maila handiena, %93koa hain zuzen. Ilargiak kolore gorrixka izan du tarte horretan zehar.
Hilaren 12ko eguzki-eklipseaz gozatzeko ikusmena babesteko neurriak hartzea ezinbestekoa izan zen. Kasu honetan, ordea, ez da halakoen beharrik izan. Izan du baita bestelako desberdintasunik ere; iraupena hain zuzen. Minutu gutxi batzuetakoa izan zen abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea; gaur goizaldekoa, aldiz, tarte luzeagoan ikusteko aukera izan da.
Duela bi aste gertatu bezala, Lurrak ilargia ia erabat nola estali duen ikusi ahal izan da lehenbizi, eta gero, alderantzizko prozesua gertatu da ilargia ezkutatu eta egunak argitu bitarte.