Usurbil K.E., eskubaloi festaren eta aurkezpen ofizialaren denboraldiaurrean

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 28a

Denboraldiaurre betean da Usurbil K.E. 2026-27 kirol urteari ekiteko prest da. Iraileko lehen astebururako eskubaloi festa eta taldeen aurkezpen ofiziala iragarri ditu eskubaloi taldeen bilguneak.

Denboraldi berriari ekiteko prest da Usurbil Kirol Elkartea. “Uda osoan zehar prestaketa lanetan aritu dira klubeko taldeak, eta lehen entrenamendu, lagunarteko partida eta talde-antolakuntzekin batera, etorkizuneko proiektua sendotzeko lanari ere ekin diote”, eskubaloi taldeen bilgunetik aditzera eman dutenez. Etorkizuneko erronkatzat du klubak “herritik eta herriarentzat eraikitako proiektu sendo bat garatzea, harrobian, balioetan eta talde-lanean oinarrituta”.

Hala, eskubaloiaz blaituriko asteburua iragarri du Usurbil K.E.-k iraila hasierarako. Batetik, eskubaloiari eskainitako festa antolatu dute Oiardo kiroldegian. “Txapelketaren helburua denboraldiaurreko prestaketa lana osatzea bada ere, ikusleek maila handiko norgehiagokak ikusteko aukera izango dute, hainbat kategoriatako taldeen arteko neurketekin”. Herritarrei eta eskubaloi zaleei Oiardo kiroldegira joateko gonbita egin diete.

Bestalde, sasoi berriaren aurkezpen ekitaldi ofiziala antolatu dute irailaren 5ean, 11:30etan Santueneako pistan. “Klubeko jokalariak, entrenatzaileak, familiak, bazkideak, babesleak eta erakundeetako ordezkariak bilduko dituen ospakizuna izango da”. Hitza hartuko dutenen artean izango dira, Usurbil K.E.-ren lehendakari Jon Loidi, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko lehendakari Arantxa Arza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendari Roberto Ramajo eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta.

Talde argazkiarekin borobilduko dute ekitaldia. “Usurbil Kirol Elkarteak herritarrak gonbidatu nahi ditu ekitaldira bertaratzera eta denboraldi berrian taldeei babesa ematera”. Bilgunearen eguneroko jardunaren oinarrian “konpromisoa, ahalegina, errespetua eta talde lana bezalako balioak daude eta aurkezpena horiek guztiak ospatzeko aukera paregabea izango da”.

Talde guztiek desfilatuko dute haien entrenatzaileekin, hamabostek guztira. Benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil mailetako taldeak aurkeztuko dituzte, senior emakumezkoen eta lehen nazional mailan lehiatzen segiko duen senior gizonezkoen taldeekin batera. Azken talde horretan izango da berrikuntzarik, Iñigo Moreno Azkuek gidatuko baitu. “Taldeak ilusioz eta gogotsu ekin dio lanari, jokalari berriak eta harrobiko hainbat gazte lehen taldearen dinamikan integratuz”.

Asteotan entrenatzen hasi eta denboraldiaurreko neurketak jokatu dituzte eskubaloi taldeek Zarauzko txapelketetan nahiz lagunarteko partidetan. “Lehen Nazionaleko taldeak Tolosa, Ereintza, Txikipolit, Anaitasuna eta Beti-Onak bezalako aurkarien aurka neurtu ditu edo neurtuko ditu indarrak, entrenamenduetan egindako lana probatzeko eta lehiaketa ofizialaren aurretik erritmoa hartzeko helburuarekin”.

Denboraldiaurreko lehen neurketak iragan asteburuan jokatu ostean, egunotarako partida gehiago iragarri ditu Usurbil K.E.-k. Igandean, hilaren 30ean, 11:00etan Irungo Artalekun jokatuko dute Euskal Ligako jubenil mutilek Bidasoaren aurka, goizeko 11:00etan. Larunbatean, hilaren 29an, lehen nazionaleko senior mutilek Iruñean jokatuko dute 16:00etan Anaitasuna taldekoen aurka. Bezpera honetan, ostiralean, hilaren 28an, 18:00etan Hernanin etxekoekin lehiatuko dira Bigarren Territorialeko senior gizonezkoak. Azkenik, Oiardon jokatuko dute kadete neskek Atarrabiako Beti Onak taldearen aurka.


Usurbil K.E.-ren deialdiak
Irailak 5, larunbata
11:30
2026-27 denboraldiaren aurkezpen ofiziala Santueneako pistan.

Eskubaloiaren festa
Tokia:
Oiardo kiroldegia.
Sarrera: doan.
Oharra: taberna irekita egongo da.

Irailak 4, ostirala: senior gizonezkoak
17:00
Saizar Usurbil K.E. (1. nazionala)-Txikipolit Zarautz ZKE (2. nazionala)
19:15 Amenabar Zarautz (Ohorezko Zilarrezko Maila)-Club Balonmano Romo Broker Kirol (1. nazionala).

Irailak 5, larunbata: senior emakumezkoak
17:45
Urbil Usurbil K.E. (Lurraldekoa)-Ameztoi Zarautz (Euskal Liga).
19:30 Aiala Zarautz (Ohorezko Zilarrezko Maila)-Urdaneta (Euskal Liga).