Gidaridun ibilgailu zerbitzu bateko 37 urteko langilea atxilotu zuen Ertzaintzak atzo. Asteazkenean, hilaren 26an Usurbilen 23 urteko emakume baten aurka eginiko erasoa egotzi diote.
Ertzaintzaren arabera, emakume erasotuak asteazken gauean "gidaridun garraio-ibilgailu baten zerbitzua eskatu zuen Usurbilera joateko". Udalerri honetara iritsitakoan, "gidaria modu bitxian portatzen hasi zen, zentzurik gabeko bueltak emanez, galdera pertsonalak eginez eta ateak blokeatuz. Gazteak, egoeraren berri izan ondoren, mezu bat bidali zion lagun bati, gidariaren jokabideaz ohartarazteko".
Tarte horretan, gizonezkoak ibilgailua aparkatu, "eta ukituak egiten hasi zitzaion neskari. Aurpegian musu bat ematea lortu zuen, eta neskari oldartzen saiatu zen". Une horretan, lagunak deitu zion emakume erasotuari. Ertzaintzak ohar bidez azaldu duenez, horrek gidaria asaldarazi zuen eta ibilgailutik irten zen. Ondorioz, ateak desblokeatu ziren eta emakumeak ihes egitea lortu zuen. Gizonezkoak, ordea, atzetik jarraitu zion. "Emakumeak senide bati deitu zion, eta haren bila joan zen. Ondoren, Hernaniko ertzain-etxera joan zen, eta salaketa jarri zuen", Ertzaintzaren arabera.
Aipatu moduan, ustezko erasotzailea atxilotu zuen atzo Ertzaintzak. "Atxilotua ertzain-etxean dago, eta epailearen esku utziko dute beharrezko eginbideak amaitutakoan", Ertzaintzak jakinarazi duenez.