Arrobitxulo elkargunerako konpromiso kreditua, behin betiko onartua

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 31

Konpromiso kreditu bat onartu zuen udalbatzak ekainaren 25eko osoko bilkuran, "Arrobitxuloren obrari bide eman ahal izateko". Jendaurreko epealdia igarota, behin betiko onespena eman dio Udalak.

Konpromiso kreditu bat onartu zuen udalbatzak ekainaren 25eko osoko bilkuran gehiengo osoz EHBilduren udal gobernu taldekoen babesarekin (EAJ eta PSE abstenitu ziren), "Arrobitxuloren obrari bide eman ahal izateko". Erabakia jendaurrean egondako epealdian "erreklamazio edo oharpenik aurkeztu ez denez, behin betiko onarpena eman zaio aipatu espedienteari", Usurbilgo Udalak abuztuaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi zuenez.

Mailegua ez handitzeko
Legealdi honetako "proiektu izar eta estrategikotzat" jo zuen gobernu taldeak Arrobitxulo ekainaren 25eko osoko bilkuran, "ikuspegi eta alderdi ugarietatik".

Gogora ekarri zuenez, legealdi hasieratik Arrobitxulo sustatzen ari diren eragileekin batera parte hartze prozesu bat landu zuten "eduki sozialak zehazteko" eta gero, "horren araberako aurreproiektu bat landu genuen". Hori gauzatzeko "inbertsio potoloa" beharrezkoa izanda, ohiko aurrekontuetatik ezingo ziotela aurre egin adierazi zuen eta honenbestez, "mailegua eskatu beharra" ikusi zuten, "proiektu hori eskuartean izan genuenerako eta obrak lizitzatu ahal izateko udalak partida erabilgarria izateko". Horregatik, gogora ekarri zutenez, horretarako, "urtez urteko aurrekontuetan beti agertu izan zaigu, mailegu horren zati bat haur eskolara bideratzen dugu eta Arrobitxulorako".

Bitarte honetan, parte hartze prozesutik eratorritako ekarpenetan oinarrituriko aurreproiektua egin zen eta "hori exekuzio proiektu bihurtzeko lizitazio bat egin genuen. Horrek ekarri duena da, une honetan izatea Arrobitxuloren exekuzio proiektua eta guztira 3,2 milioi euroko aurrekontua eskuartean". Udalak aurreikusitako 2,5 miloi euroak baino gehiago dira. Horregatik, "kontuhartzailetzatik jaso genuen proposamena izan zen, mailegua handitu ordez, hurrengo urteetarako kreditu konpromisoa" onartzea. Milioi bat eurokoa izango da, hurrengo bi urteotan, 2027ko eta 2028ko aurrekontuetan txertatuko dutena; 500.000 euro 2027an eta beste 500.000 euro 2028an.

Dirulaguntzei adi
Arrobitxuloren inbertsio hori finantzatzeko "adi gaude Europako funtsetatik zer datorren proiektu hau aurkezteko", udal gobernu taldetik jakinarazi zutenez. Gaineratu zutenez, "laguntzeko aholkularitza kontratatu dugu", batetik, Arrobitxulo dirulaguntza lerrootako batean kokatzeko egon daitezkeen aukerak aztertu eta lerrootako batean kokatuta, kudeaketa lana egiteko. "Ikusten dugu kabida izango duela Arrobitxulok handik edo hemendik. Dirulaguntza lerro bat begiz jota dugu, horren zain gaude". Udazken hasierara arteko tartea dute proiektua deialdiotara aurkezteko. Horretan ahalegindu asmo dute. Dirulaguntza "etorriko balitz, kreditu konpromiso batek aukera ematen du kentzekoa, kanpo finantziazioa lortuz gero".