3. Iñurri Eguna

Iñurri Eguneko zenbait hitzorduetarako tokia erreserba daiteke oraindik

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 31

Zenbait ekintzetarako sarrerak eskuratzeko epealdia igaro den arren, larunbat honetako, irailaren 5eko 3. Iñurri Eguneko hitzordu batzuetarako sarrerak eskuratzeko aukera duzue oraindik.

“Denok batzen gaituen festa” ospatuko da hirugarrenez larunbat honetan, irailaren 5ean; Iñurri Eguna. Minbiziaren akonpainamendu eta dibulgazioan ikuspegi feminista batetik eta kolektiboki diharduen elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du. “Etorri zaitez Iñurri Egunera, sarea indartzera, iñurritegia ospatzera eta hil arte bizitzera”, egin dute gonbita, Askatasuna plaza ondoan egoitza duen bilgunetik.

Hiru sarrera mota
“Ekitaldi berezien artean bereziena” dena badatorrela iragarri du udan zehar Iñurri elkarteak. 3. Iñurri Egunaz ari dira, “bizitza ospatzeko eguna, tribuan, goxo”. Bertaratzeko gonbita egin dute. “Zatoz gurekin bizitza ospatzera!”.

Egun horren baitan egingo diren zenbait ekintzetarako sarrera eskuratzeko epealdia igaro da, baina ez guztietarako. Oraindik, batetik, kontzertuetarako sarrerak 18 euroren truke eskura daitezke, 20 euro ordainduta goiz parteko gorputza esnatzeko ekintzarako sarrerak. Azkenik, Sutegin egingo den mahaingururako sarrera doakoa izango den arren, lekua erreserbatu beharko da.

Gorputzaren esnatzearekin ekingo diote Iñurri Egunari. Iazko hainbat osagai ere txertatu dituzte aurtengo edizioan; hala nola, gosaria, bazkaria eta bazkaloste girotua. Bertso musikatuen saioa izango da hirugarren edizioan ere eta, segidan, kontzertuen arratsalde eta iluntze partea.

3. Iñurri Eguna
Irailak 5, larunbata
Egunean zehar, denda solidarioa.
09:30-11:30
Gorputzaren esnatzea.
Zehaztasunak: "goiza lasaitasunez eta norbere burua zainduz hasteko gonbita. Arnasketa, mugimendua eta arreta uztartuko ditugu gorputza esnatzeko, eta amaieran erlaxazio goxo batekin itxiko dugu saioa. Aurten ere, Olatz Berasategik (@ama_yoga_lasarte) gidatuko du saioa. Yoga praktikaren bidez, arnasketarekin eta presentziarekin konektatuko dugu, bakoitzaren erritmoa eta gorputzaren mugak errespetatuz. Saioa amaitzean, Ore Ama, Txalaka eta Tolosa jatetxeek prestatutako gosari ederraz gozatzeko aukera izango dugu".

11:30-13:00 Mahaingurua (erdaraz): "Corporalidad y cuerpos enfermos".
Moderatzailea: Maider Galardi.
Hizlariak: Mer Gómez (Mercurito), Mariana García (teta&teta) eta Magdalena Piñeyro.
Zehaztasunak: "Zer gertatzen da gure gorputza gizarteak normatibotzat jotzen duenetik urruntzen denean? Nola eragiten dute gaixotasunak, gorputz-aniztasunak edo identitateak gure gorputza bizitzeko eta besteekin harremanak izateko moduan? Mahai-inguru honetan, Mer Gómez, idazle eta intersex aktibista, Marina García Canedok, Teta y Teta egitasmoko eduki politikoen dibulgatzaileak, eta Magdalena Pineyro, lodifobiaren aurkako aktibista, gorputzaren inguruko bizipenak eta gogoetak partekatuko dituzte, bakoitzak bere esperientzia eta ikuspegitik, Maider Galardiren gidaritzapean. Gorputzaren inguruan ezarritako arau eta aginduak zalantzan jarriko ditugu, normatibitatearen barruan sartzera bultzatzen gaituen presio estetikoaz hausnartuko dugu, eta existitzeko, geure burua zaintzeko eta ikusgarri izateko beste modu batzuk aldarrikatuko ditugu".


12:30-14:00 Batukada feminista.
14:00 Bazkaria.
Bazkalostean, bertso saio musikatua:
Gai-jartzailea: Amaia Agirre eta iñurriak.
Bertsolariak: Onintza Enbeita, Ane Labaka, Oihana Arana.
18:00 Kontzertuak: Chica Sobresalto, Janus Lester eta Garazi Esnaola, Elektropottotte, Mugan.
Jarraian, DJ-ak: Fifi ta Fefa.

Informazio gehiagorako: izaninurri.eus
Antolatzailea: Iñurri elkartea.