Herrikide batek jasandako sexu erasoa salatu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 31

Abuztuaren 26an gidaridun ibilgailu batek herrikide bati eginiko sexu erasoa salatu du Usurbilgo Udalak. Ohar bidez jakinarazi berri duenez, "biktimarekin harremanetan jarri da udala, babesa eta baliabideak eskaintzeko".

 

Ertzaintzak larunbatean, abuztuaren 29an jakinarazi zuenez, gidaridun ibilgailu zerbitzu bateko 37 urteko langilea atxilotu zuten bezperan, ostiralean. Bi egun lehenago, hilaren 26an Usurbilen 23 urteko emakume baten aurka eginiko sexu erasoa eta legez kanpo atxiki izana egotzi zioten.

Ohar bidez, eraso hau salatu du Usurbilgo Udalak. Gogorarazi duenez, "oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako erasoa izan da". Gaineratu dutenez, "halako erasoek ez dute lekurik gure herrian: zoritxarrez, gertatzen jarraitzen dute, eta lanean jarraituko dugu, indarkeria matxistaren aurkako prebentzioan zein biktimen artan eta erreparazioan”.

Erasoa salatzeaz gain hain zuzen, "udala harremanetan dago biktimarekin: babesa adierazi, eta laguntza eta zerbitzuak eskaini dizkio, besteak beste". 

Baldintzapean aske
Ertzaintzaren arabera, emakume erasotuak asteazken gauean "gidaridun garraio-ibilgailu baten zerbitzua eskatu zuen Usurbilera joateko". Udalerri honetara iritsitakoan jazo zen erasoa. "Gidaria modu bitxian portatzen hasi zen, zentzurik gabeko bueltak emanez, galdera pertsonalak eginez eta ateak blokeatuz. Gazteak, egoeraren berri izan ondoren, mezu bat bidali zion lagun bati, gidariaren jokabideaz ohartarazteko".

Tarte horretan, gizonezkoak ibilgailua aparkatu, "eta ukituak egiten hasi zitzaion neskari. Aurpegian musu bat ematea lortu zuen, eta neskari oldartzen saiatu zen". Une horretan, lagunak deitu zion emakume erasotuari. Ertzaintzak ohar bidez azaldu duenez, horrek gidaria asaldarazi zuen eta ibilgailutik irten zen. Ondorioz, ateak desblokeatu ziren eta emakumeak ihes egitea lortu zuen. Gizonezkoak, ordea, atzetik jarraitu zion. "Emakumeak senide bati deitu zion, eta haren bila joan zen. Ondoren, Hernaniko ertzain-etxera joan zen, eta salaketa jarri zuen", Ertzaintzaren arabera.

Aipatu moduan, ustezko erasotzailea atxilotu zuen ostiralean Ertzaintzak. Poliziak Udalari berri eman dionez, "larunbatean pasatu zen epailearen aurretik: aske utzi zuten, hamabostean behin sinatzeko baldintzapean".