Uda amaierako ospakizunak eta oroimen historikoari tartea, iraileko hitzorduetan

Noaua Aldizkaria 2026ko irailaren 1a

Irailean barneratzearekin batera, herri bizitza berpiztuko da Usurbilen. Askotariko hitzorduak antolatu dira hurrengo asteotarako.

Uda amaierako ospakizunek edota zenbait urtemugei tartea egingo die urteko bederatzigarren hilabete honek. Modu horretan berpiztuko da herri bizitza Usurbilen, zenbait auzoetako jaiak salbu, abuztuan izandako etenaldiaren ondotik.

Izan ere, 1936ko irailaren 18an kolpistek Usurbil okupatu zuten. 90 urte igaro dira ordutik. Urtemuga horren harira, Usurbilgo memoria historikoa lantzen diharduen Usurbil 1936 elkarteak “Oroimenaren soka eten ez dadin” ekitaldia antolatu du hilaren 19an Artzabalgo zelaian. "Errepublikaren kontra matxinatutako kolpistek Usurbil hartu zuteneko 90. urteurrenaren harira, elkarteak ekitaldi berezia prestatu du. Garai hartan herrian gertatutako hainbat pasadizo gogora ekarriko dira", iragarri dute antolatzaileek.

Astebete geroago, beste urtemuga batek hartuko du herri bizitzaren erdigunea irailaren 26an, Olanonea plaza hain zuzen; NOAUA! Kultur Elkartearen 30. urteurrenak. Uztailaren 18an Dema plazan ‘IKIMILIKILIKLIK Vol. 2’ ikuskizun gogoangarria eskaini ostean, "urte hauetan guztietan NOAUA!ren bidelagun izan zareten bazkide, irakurle, eragile eta lagun guztiak elkartu nahi zaituztegu. Idoia Torregaraik gidatuko duen ikuskizunean umorea izango da ardatz". Amaieran, sagardoarekin topa egiteko aukera izango da. 

Ez da asteotarako iragarritako ospakizun bakarra izango. Iragan asteburuko Atxegaldeko festen ondotik, udako jaien errondan murgiltzen hurrengoa Santuenea izango da irailaren 18tik 20ra. Jai batzordeak prest du jada egitaraua. Globo gerra famatuarekin hasi eta azken traka koloretsura bitarte, 48 orduko tartean, haur jolasak, bi musika gau, jan-edana, txapelketak, kalejirak eta ekintza gehiago izango dira auzoan.

Bizitzari gorazarre
Bizitza ospatu eta aldarrikatzeko hilabetea ere izango dugu hilabete hau. Izan ere, bizitzeko ezinbestekoa dugun odola emateko bi hileroko hitzordua izango da irailaren 7an. Bi egun lehenago, 3. Iñurri Eguna ospatuko da hilaren 5ean. Aurreko bi edizio arrakastatsuen ondotik, edizio honetara gonbidatu gaituzte Usurbilen egoitza duen elkartetik; “etorri zaitez Iñurri Egunera, sarea indartzera, iñurritegia ospatzera eta hil arte bizitzera”.

Goizetik iluntzera arte, egitarau oparoa osatu dute; gorputzaren esnatzea, "corporalidad y cuerpos enfermos" izeneko mahaingurua, batukada feminista, bazkaria eta bazkalosteko bertso musikatuen saioa eta kontzertuen (Chica Sobresalto, Janus Lester eta Garazi Esnaola, Elektropottotte, Mugan...) arratsaldea. Oraindik zenbait ekintzetarako sarrerak eskura ditzakezue izaninurri.eus atarian.

Azkenik, udaberrian Udalak eragile gehiagorekin abiarazitako "komunitatetik heriotzaz" zikloko hurrengo solasaldia irailaren 22an izango da; "heriotza eta literatura" izango dute hizpide. "Heriotzak, hileta errituak, doluak... literaturan nola jasotzen diren ikusiko dugu elkarrekin", Ainhoa Aldazabal literaturan aditua eta Skolastikako kideak gidaturiko saioan.

Martxan eta kantuan
Gainerakoan, ikasturte hasiera girotua izango da Santuenean, bertako kultur elkartearen eskutik. "Santuenea martxan!" izeneko arratsalde pasa antolatu dute irailaren 4an: pottokak umeentzat, magia saioa jubilatuentzat, afari merienda edota bingo musikatua.

Girotzeaz ari garela, hilabetea musikaz eta kantuan agurtuko dugu. Udako etenaldiaren ostean, azken larubatetako kantu-jira antolatu Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak hilaren 26an, gonbidatu bereziekin; "Bardozeko Xarnegu ikastolako guraso eta kantujirako kideak izango ditugu" Nafartarrak taldekoekin lankidetzan antolaturiko hitzorduan.

Biharamunean, “Ombuaren itzala” filma proiektatuko du Usurbilgo Udalak Sutegin. "Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariaren bizitzaren azken 20 urteak jasotzen dira Patxi Bisquertek zuzendutako filmean". Udala aipatuta, Udalbiltzak sustaturiko Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan, erakusketa antolatu dute irailaren 26tik urriaren 1era.

Bi mobilizazio
Mobilizatzeko hilabetea ere izango dugu estreinatu berri duguna. Izan ere, udako etenaldiaren ostean, Sareren azken ostiraletako lehen elkarretaratzea egingo da hilaren 25ean. Lehenago, hilaren 13an, Errausketaren Aurkako Mugimenduak giza katea antolatu du Donostian 11:00etan, Alderdi Ederretik Kontxarantz, estropaden bigarren eta azken jardunaldi egunean hain zuzen, "ez erre etorkizuna, erraustegia gelditu!" aldarripean.

Kirol urte berria
Kirol hitzorduei dagokienez, herriko kirol taldeek haien denboraldi berriari ekingo diote. Itzuliko diren neurketen artean izango dira, 64. Enrike Abril errebote txapelketari lotutakoak. Igande honetan, irailaren 6an jokatuko dira lehenengoak; haietako bat Zubietan. Zubietak bi lehiakide talde izango ditu txapelketa horretan.

Bestalde, Usurbil K.E.-k haien taldeak aurkeztuta ekingo diote 2026-27 denboraldiari. Horretarako ekitaldia antolatu du irailaren 5eko, larunbat goizeko 11:30etan Santueneko eskubaloi plazan. Astebururako Oiardo kiroldegian antolaturiko eskubaloi festaren testuinguruan iragarri dute ekintza hori.