Etxerik gabeko pertsonen egoera aztertzeko Gipuzkoako hiriburuak mugakide dituen udalerriekin bilduko dela iragarri du astearte honetan, irailaren lehenean, Donostiako Udaleko alkate Jon Insaustik gaurko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian. Bilera hori ostegunean, irailaren 3an egitekoa dute hiriburuko udaletxean bertan. Aipatu alkateak jakitera eman duenez, gutun bidez gonbidatu ditu mugakide dituzten udalerriak hitzordu horretara. Udalerri mugakideen artean da Usurbil, Pasaia, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Hernani edota Lasarte-Oriarekin batera.
Biltzeko deialdi horren aurrean, udalerri mugakideen elkarlanerako jarrera baikorra nabarmendu eta eskertu du Insaustik. Onuragarritzat jo du alkateok elkarrekin bildu eta gaiaz hitz egitea, gogorarazi baitu udalak direla gizarte politiketarako sarbidea.
"Asko hitz egiten da etxegabetasunari buruz, baina bakarrik dirudi Donostian ematen dela egoera hau eta zoritxarrez, etxegabetasunak hiria gainditu egiten du", adierazi du. Osteguneko bilerarekin errealitate hau jorratu asmo dute Donostialdeko alkateek, "errealitateak partekatu" ekintza koordinatuak bideratu edota beste erakundeetara (Gipuzkoako Foru Aldundira edo Eusko Jaurlaritzara) gai horri lotutako planteamenduak egitera elkarrekin joateko.
Neurrien gogortzea
Harrera Sareak agerraldi bidez atzo 2025eko azarotik etxerik gabeko zazpi pertsona hil direla salatu zuen, horren aurrean Donostiako Udalak eskainitako balibideak urriak direla edota Udaltzaingoak zein Ertzaintzak kalean bizi direnen aurkako neurriak gogortu dituztela. Horrekin batera, gogoan izan, Kale Afari Solidarioak ekimena debekatu zuela baita hiriburuko udalak. Egitasmo hartan parte hartzen aritu da azken urtebetean Usurbilgo herritar talde bat. Ordutik hona areagotu egin da eragile horren nahiz Harrera Sareko kideen aurkako "jazarpen poliziala", ordezkarien esanetan.
Zazpi hildako izan direla baieztatu ostean, "gizarte bezala ezin dugu onartu hil aurreko azken minutuak kalean igarotzea", adierazi du gaur Donostiako alkateak. Errealitate horrek agerian uzten du bere esanetan, "egiteke asko dugula oraindik. Errealitate horri aurre egin behar zaio administrazioak eskainitako politika eta baliabide berriekin".
Halere, "Donostia solidarioa" dela aldarrikatu nahi izan du Insaustik; "uste dut ezin zaiola hiri honi ezta hiritarrei esan solidarioak ez direnik, uste dut eztabaidak nahasten ari garela. Gainera, erabaki zehatz eta irmoak badaude Donostia hiri solidarioa dela esateko. 40 milioi eurotik gorako inoizko udal aurrekontu "solidarioena", 416 otordu eskaintzea edota turismora bideraturiko baliabide bat gizarte zerbitzuetarako baliabide bilakatu izana nabarmendu ditu adibide gisa. "Administrazioak egiten duenak badu balioa eta hori da indartu behar duguna zalantzarik gabe" Insaustiren esanetan, pertsonon inklusioa helburu dela.