Booktegi jaialdia

Hiru eguneko Booktegi jaialdia aurten

Noaua Aldizkaria 2026ko irailaren 2a

Euskarazko literatura guztion esku jartzen diharduen Booktegi elkartearen urteroko jaialdia hiru egunekoa izango da aurten. Ekimen berriak iragarri dituzte antolatzaileek.

Badator Booktegi jaialdia, izen bereko elkartearen eskutik. 2022an antolatzen hasitako hitzorduaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Euskarazko literatura guztion esku jartzen diharduen egitasmoa berritua itzuliko da, antolatzaileek iragarri dutenez. Izan ere, batetik, iraupenari begira, ohi baino luzeagoa izango da 2026ko Booktegi jaialdia, hiru egunekoa hain zuzen. Horrekin batera, hitzordu berriak programatzea erabaki dute.

Ekimena urriaren 30etik azaroaren 1era egingo da ohiko bi espazioetan; Zumarte Musika Eskolako ganbaran eta Sutegiko auditorioan. Iaz, "Rupertorioa" ekimenarekin ekin zioten iazko edizioari. Ruper Ordorikak idatzitako abesti bat hautatu eta nahieran, Sutegiko ikus-entzuleei eskaintzeko aukera izan zuen aurrez izena eman nahi izandako orok.

Protagonismo handiagoa izango du Ordorikak aurtengoan. Izan ere, Booktegi jaialdiari ekiteko sortzaile oñatiarrarekin solasaldia antolatu dute Sutegin eta biharamunean, haren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da gune berean.

Mihise, "Anariketa", "Booktubers"...
Musikaren hari hori ez da etengo gainera, jaialdia amaitu arte. Izan ere, herriko talde Mihisek iaz aurkezturiko "Ahaldatu" izeneko sorkuntza lanari lotutako ikus-entzunezkoa ere proiektatuko dute Sutegin. Horrez gain, "Anariketa" izeneko ekimena ere iragarri du Booktegik, "ariketa bat non hainbat lagunek abesti bana nahi duten moduan interpretatuko duten".

Jolaserako tartea ere izango da edizio honetan, Arbaso Eguna mahai-jokoaren bidez. "Arbaso Eguna solarpunk mugimenduan inspiratutako rol-joko kolaboratibo batean oinarritzen da. Bertan, parte-hartzaileak gaur egungo gizarte- erronka batzuk konponduta dauden etorkizun batean kokatzen dira. Hortik abiatuta, atzera begiratzea eta egoera horretara iristea ahalbidetu duten erabakiak eta prozesuak irudikatzea da helburua. Horrela, erronka horien konplexutasuna ikuspegi irekiago eta eraikitzaileago batetik lantzen da, itxaropena kolektiboki ehuntzen den zerbait dela ulertuta".

Hitzordu hauekin guztiekin batera, bi ekintza klasiko jaialdi honetan. Batetik, gai zehatz baten bueltan sortutako ipuinak tarteko, sortzaile ezagunen arteko "Elkarri irakurriz" izeneko solasaldiak izango dira Zumarte Musika Eskolako ganbaran.

Bestalde, iaz "Booktuber" lanetan jardun zuten Udarregi ikastolako LH5. mailako ikasleek. Aurrez landutako proiektua aurkeztu zuten Booktegi jaialdiaren baitan. "Guk gure liburu gustukoak hartu, irakurri eta gero gure artean ideiak partekatu ditugu". Ekintza hori aurtengo egitarauan txertatu dute berriz.

Edizio honekin bat egiteko deia egin dute antolatzaileek. "Booktegiren irakurle guztiak gonbidatuta zaudete, eta lagunak ere ekartzen badituzue, lagunak ere ongi etorriak izango dira!".

Booktegi jaialdia
Urriak 30, ostirala
19:00 Solasaldia Ruper Ordorikarekin Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak:

Urriak 31, larunbata
11:00 "Elkarri irakurriz" solasaldiak Zumarte Musika Eskolan.
17:00 Booktubers bideoak eta Arbaso Eguna mahai-jokoa Sutegin.
19:00 Ruper Ordorika eta Mugalariak Sutegin.

Azaroak 1, igandea
11:00 Mihise musika taldearen "Ahaldatu" kontzertu baten filma Sutegin.
12:00 Anariketa Sutegin. "Hainbat lagunek abesti bana nahi duten moduan interpretatuko dute".

Sarrerak:
aurrez, usurbilkultura.eus plataforman.
Informazio gehiago: booktegi.eus
Antolatzailea: Booktegi elkartea.