Heldu dira beste urte batez, arraun munduko inguruotako bandera preziatuena etxeratzeko lehiaketa egunak. Izan ere, datozen bi igandeotan, irailaren 6an eta 13an Donostiako Bandera jokatuko da. Emakumezko eta gizonezko talde hainbaten arraunontziak, ordea, lehenago uretaratuko dira. Izan ere, asteazken eta ostegun honetan, irailaren 2an eta 3an jokatuko dira hurrenez hurren, aipatu bandera irabazteko lehiarako sailkapen probak arratsaldeko 18:00etan. Bertara joan ezin duenak, Euskal Telebistak zuzenean eskainiko ditu hitzorduok.
Hasteko, gaur, hilaren 2an, gizonezkoen sailkatzen estropada jokatuko da eta biharamunean, hilaren 3an, emakumezkoena. Guztira 45 traineruek parte hartuko dute aurtengo 131. edizioan; 20 emakumezkoenak izango dira eta beste 25 gizonezkoenak.
Gizonezkoen sailkapen proban lehiakideok izango dira: Bermeo, Cabo-Rianxeira-Boiro, Castro Loizaga, Club de Mar De Castropol, Club de Remo Chapela-Wofco, Club de Remo De Ares, Deusto-Bilbao, Getaria, Hibaika Susperregi Edukiontziak, Kaiku VGP, Lapurdi-Antton Bilbao, Lekittarra-Elecnor, Mutriku, Ondarroa Kide, Orio Orialki, Orsa Hondarribia, Samertolameu - Oversea, San Juan-CMO Valves, San Pedro-Harri, Sotera Santurtzi, Tiran-Pereira, Zarautz Gesalaga Okelan, Zierbena Bahias de Bizkaia eta Zumaia Sukia.
Emakumezkoenean, taldeok parte hartuko dute: Amegrove Club de Remo, Astillero Eneryt Servicios, Chapela-Wofco, Club de Mar de Castropol, Club Regatas Salgado Perillo, Deusto-Tecuni-Bilbao, Esteirana Remo, Hibaika Jamones Ancin, Hondarribia Bertako Igogailuak, Lekittarra-Elecnor-Cikautxo, Nortindal Donostiarra, Ondarroa Cikautxo, Orio Orialki, Red Electrica Kaiku, S.D. Tiran-Pereira, San Juan-CMO Valves, Tolosaldea, Zarautz-Gesalaga-Okelan eta Zumaia Delteco.
Ontzi guztiok erlojupeko modalitatean lehiatuko dira. Haietatik zortzina ontzi izango dira hurrengo bi igandeetan Kontxako badian lehiatzeko sailkatuko direnak.
Irailaren 6an eta 13an, goizeko 11:00etan jokatuko da emakumezkoen estropada eta 12:00etan gizonezkoena. Iaz, gizonezkoen artean Orio nagusitu zen eta Donostia Arraun Lagunak emakumezkoen artean.
Bi herrikide
Aurtengoan ez da arraunlari herrikiderik izango, baina herri ordezkaritzarik izango da beste zeregin batzuetan. Batetik, Ondarroa Arraun Elkarteko entrenatzaile lanetan dihardu Iñaki Errasti Ubera aginagarrak, zortzi urteren ostean iaz zereginotan beste urtebetez jarraitzeko konpromisoa hartu ostean.
Bestalde, Zarautz Arraun Elkarteak egunotan egingo duenari begira oso adi egongo da beste herrikide bat; Nagore Arruti Urkiola. Egun Zarautz bizileku duen arraunlari ohia, aipatu elkarte horretako lehendakaria da hirugarren urtez segidan.
Tren zerbitzu bereziak
Datozen bi igandeotan Donostian izango diren estropadetarako tren zerbitzuen eskaintza indartu du EuskoTrenek, urtero moduan. Informazio gehiagorako:
euskotren.eus
944 333 333