Harane, futbol zelaia izateaz gain, herriko musika taldeen habia ere bada azken hamarkada hauetan eta hala izango da, ikastola pareko zelaian Arrobitxulo elkargunea eraiki eta ireki arte.
Haraneko lokalak erabiltzeko interesa duten taldeentzat izena emateko deialdia egiten hasi zen Udala iaz. Plazaratu berri du aurtengoa ere. Irailaren 15etik 30era eman ahalko dute izena, Haraneko entsegu lokalak erabili nahi dituzten musika taldeek. Horretarako eskaera bideratu beharko dute. Hemen duzue, Udalak prestaturiko eskaera orria: Haraneko musika lokalak. Bestela, helbide honetan ere eskura ditzakezue: usurbil.eus/eu/eskaera-orriak
Bertan, eskatzailearen datuak zehaztu beharko dira, musika taldeko kideenekin batera. Entsegu saioetarako lehenetsitako egun eta ordutegiaren berri ere eman beharko da, dokumentu beraren bidez.
Udal ordenantza
Haranen entsegu saioetarako bi lokal daude musika taldeentzat. "Udalak, urtero, hamasei talderi emango die horiek erabiltzeko baimena, zortzi talde lokal bakoitzeko: horretarako, urtero, izen-ematea egingo da, irailaren bigarren hamabostaldian". Eskaera kopuruak eskaintzarena gainditzen badu, itxaron zerrenda osatuko dute lokalik gabe geraturiko taldeekin.
Irizpide hau, entsegu lokalon erabilerarako betebeharrak, eskubideak eta funtzionamendua zehazturiko udal ordenantzan jasoa dator. 2024ko azaroaren 28ko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak. Behin betiko onartutzat jo zuen Usurbilgo Udalak iazko apirilaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi moduan. Erabiltzaileekin lankidetzan osatu zuten ordenantza hura.
Irizpideak
Bertan zehaztua datorrenez, “erabiltzaileak baimentzeko irizpide batzuk finkatu dira, puntuazio sistema batekin: taldeak modu kolektiboan aztertuta esleituko dira puntuak. Puntuazioan taldekideen errolda, adina, lokalarekiko duten antzinatasuna eta generoa hartuko dira kontuan”.
Goizeko 8:00etatik gauerdira baliatu ahalko dira entseguetarako lokalok. Tarte horretatik kanpo, “sartu edo ateratzeko malgutasuna izango dute, baina soilik zama lanak edo antzekoak egiteko. Horrez gain, Haraneko futbol zelaiko jarduna ahalik eta gutxien oztopatzeko konpromisoa hartu beharko dute”. Horrez gain, “Udalak talde bakoitzari instalazioen bi giltza sorta utziko dizkio. Talde bakoitzak 60 euroko bermea jarri beharko du, gerora giltzak itzuliko dituztela bermatzeko”.
Hiruhilero bilduko den jarraipen batzorde bat ere osatuko dute taldeetako ordezkariekin, “lokalen erabilera aztertu eta, hala egokituz gero, neurri zuzentzaileak hartzeko”. Arau-hausteak ere zehaztuak ditu udal ordenantzak. “Arinak, larriak zein oso larriak izan daitezke. Hautsitako arauen arabera ezarriko da bat edo beste. Isun ekonomikoak zein lokalak erabiltzeko debekua ezarri ahal izango dira”.