Ekintzen agenda bete-betea izango du denboraldi hasiera honetan Usurbil Kirol Elkarteak. Astebururako eskubaloi festa antolatu du Oiardo kiroldegian eta eskubaloi taldeen 2026-27 denboraldiko aurkezpen ofiziala Santuenean. Horrekin batera, bazkidetza kanpaina ere abiarazi du eskubaloi taldeen bilguneak.
Horrekin guztiarekin batera, ate irekien jardunaldiak antolatu ditu irailaren 9rako (17:45) eta 11rako (16:45) 2015-18 urte artean jaiotakoentzat. "Ekimenaren helburua da haurrek kirola modu atsegin, ludiko eta hezitzailean ezagutzea, jolasaren bidez mugimendua eta talde-lana sustatuz", Usurbil K.E.-tik aditzera eman dutenez. Eskubaloiaz zer ikasia izango dute, baina horrez gain, "haurrek ondo pasatzea, lagun berriak egitea eta kirolaren bidez balio positiboak bizitzea" sustatu nahi dute.
Doako saio horien dinamikaren berri eman digute. "Bi jardunaldi horietan parte hartzaileek eskubaloiaren lehen urratsak ezagutzeko aukera izango dute, baina betiere adin horietara egokitutako dinamiken bidez. Saioetan jarduera fisikoa, koordinazioa, harremanak eta talde-kohesioa landuko dira, entrenamendu tradizionaletatik harago doan ikuspegiarekin". Horrez gain, sorpresa edo gonbidatu berezirik ere egon daitekeela aurreratu dute.
Izen-ematea
Hitzorduotan parte hartzeko ez da aldez aurreko esperientziarik beharko. Izena eman asmo dutenek "urte osoko jardueran parte hartu ahal izango dute. Kasu horretan, urteko kuota 60 eurokoa izango da, eta klubak kirol-arropa utziko die parte hartzaileei. Denboraldian zehar, astean entrenamendu-saio bat egingo dute, eta horrez gain, hilabetean behin gutxi gorabehera, Gipuzkoako beste herrietako neska-mutilekin topaketak izango dituzte, kirola eta harremanak uztartzen dituen giro onean".
Usurbil K.E.-tik gogora ekarri dutenez, "Usurbil Kirol Elkarteak urteetako esperientzia du umeei zuzendutako kirol-jarduerak antolatzen, eta parte hartu izan duten familien eta haurren asebetetze-maila oso handia da. Gurasoek bereziki baloratzen dituzte giro osasuntsua, hezitzaileen gertutasuna eta haur bakoitzaren garapen pertsonalari eskaintzen zaion arreta".
Ate irekien jardunaldiotan parte hartzeko gonbita egin dute. "Irailaren 9an eta 11n ate irekietara hurbildu, probatu eta eskubaloiaren zein talde-kirolaren balioak lehen eskutik ezagutzeko aukera izateko".
Informazio gehiago, usurbilkirolelkartea@gmail.com helbidean jaso ahalko da.
Usurbil K.E.-ren deialdiak
Santueneako eskubaloi pistan:
11:30 Usurbil K.E.-ren 2026-27 denboraldiaren aurkezpen ofiziala.
Eskubaloi festa Oiardo kiroldegian:
Sarrera doan eta taberna zabalik bi jardunaldietan.
Irailak 4, ostirala
17:00 Senior mutilak: Saizar Usurbil KE – Txikipolit Zarautz KE.
19:15 Senior mutilak: Amenabar Zarautz – Club Balonmano Romo Broker Kirol.
Irailak 5, larunbata
16:00 Euskal Ligako jubenil mutilak: Usurbil KE – Urola.
17:45 Senior neskak: Urbil Usurbil KE – Ameztoi Zarautz.
19:30 Senior neskak: Aiala Zarautz – Urdaneta.
Oiardo kiroldegitik kanpo
Irailak 5, larunbata
09:30 Euskal Ligako kadete mutilak, Aritzbatalde kiroldegin: Zarautz – Usurbil KE.
18:00 Kadete neskak, Gasca kiroldegian: Egia – Usurbil KE.
Ordua zehazteke, 2. Territorialeko senior mutilak, Donibaneko Udal Kiroldegian: Donibane – Usurbil KE.
Irailak 6, igandea
10:00 Euskal Ligako kadete mutilak, Aritzbatalde kiroldegia: Usurbil KE – Pulpo E.K.
Ate irekien saioak
Irailak 9 (17:45) eta 11 (16:45) Oiardo kiroldegian.
Bazkidetza
Bazkidetza bideratzeko aukera izango da asteburuan, irailaren 4an (17:00-20:00) eta hilaren 5ean (17:30-20:30) Usurbil K.E.-ren Oiardo kiroldegiko tabernan, 50 euroren truke. "Ordainketa unean bertan egin ahal izango da, eskudirutan edo txartel bidez". Bestela, formulario hau osatuta tramitatu ahalko da bazkidetza: Usurbil K.E.-ren bazkidetza Formulario hori osatuta, bazkide txartela irailaren 10ean edo 11n, 19:00-20:00 artean jaso ahalko da Oiardo kiroldegian. Ordainketak irailaren 9a baino lehen egin beharko dira, eskudirutan, txartelaren edo transferentzia bidez. "Transferentzia egin dutenek frogagiria aurkeztu beharko dute irailaren 10ean edo 11n, eta klubak ordainketa jasota dagoela egiaztatuko du". Hauxe da kontu zenbakia: ES47 3008 0259 1120 3871 5328 (Usurbil Kirol Elkartea).