2026-27 ikasturtea abiatzeko unea heldu da. Ostiral honetan, irailaren 4an, Udarregi ikastolako DBHko ikasleak ikasgeletara itzuliko dira. Urteroko aurkezpen saioa izango dute goizeko 11:30etan. Halere, astelehenetik, hilaren 7tik aurrera hasiko dute ofizialki sasoi berria, 8:25ean. 14:30ak arte izango dira egunero ikastolan hilaren 25era arte, ikasturte amaieran bezalaxe. Irailaren 28tik aurrera, asteazken eta ostiraletan ordutegi horretan ariko dira eskolak jasotzen. Astelehen, astearte eta ostegunetan, aldiz, ordutegi honetan: 8:25-12:30 / 14:30-16:30.
Gainerako zikloek astelehenean ekingo diete ikasturte berriari, irailaren 7an hain zuzen. LH eta HH-koek 9:00etan hasiko dute ikasturte berria Agerialden. Ziklo guztiek irailaren 25era arte ordutegi laburragoa izango dute; HH eta LHkoen kasuan 12:30ak arte hilaren 25era arte, baita ikasturte amaieran ere. Hilaren 28tik aurrera, aldiz, ordutegi hau izango dute: 9:00-12:30 /14:30-16:30. HH-koek sarrera malgua izango dute goizean eta eguerdi nahiz arratsalde partean, 5-10 minutu lehenago irtengo dira.
Informazio gehiago 943 361 216 telefono zenbakian edo udarregi.eus atarian jaso daiteke edo ikastolako idazkaritzan ordutegi honetan: 8:30-9:30/12:00-14:00.
Agerialde aipatuta, bertan segiko du Kalezarko eraikina berritu artean, haur eskolak. Berrikuntzekin ekingo diote ikasturte berriari. Izan ere, Haurreskolak Partzuergoan txertatuta hasiko du sasoi berria. Dagoeneko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskolen Partzuergoko zerrendan ageri da Usurbilgoa ere, haurreskolak.eus atarian ikus daitekeen moduan. Bere gain hartuko du 0-2 zikloa. 2-3 tarteak Udarregi ikastolaren esku segiko du aurrerantzean ere.
Aginagako eta Zubietako eskola txikiak ere datorren asterako 2026-27 ikasturtean murgilduak izango dira.
Lanbide Eskola
2026-27 ikasturte berriari ekiten goiztiarrena Zubieta Lanbide Eskola izan da. Ostegun honetan, irailaren 3an ekin dio denboraldi berriari, erdi eta goi mailako zikloetako lehenengo zein bigarren ikasturteetako taldeen aurkezpen saioekin.
Oriarte
Lasarte-Oria eta Usurbilgo institutuan datorren astelehenean, irailaren 7an ekingo diote 2026-27 ikasturte berriari. Egun horretarako iragarri dute sasoi berriari lotutako aurkezpen saioa. Informazio gehiago oriarte.hezkuntza.net atarian jaso daiteke.
Zumarte Musika Eskola
Astelehenean, irailaren 7an ekingo dio ikasturte berriari Zumarte Musika Eskolak ere. "Udako oporrak bukatu ditugu eta gogoratzen dizuegu Zumarte Usurbilgo Musika Eskolako saioak irailak 7an (astelehena) hasiko ditugula", adierazi dute musika eskolatik. Haien webgunean, zumarte.eus atarian kontsulta daiteke ikasturte berriko egutegia.