Bi herrikide Kontxako Bandera etxeratzeko lehian

Noaua Aldizkaria

Irailaren 6an eta 13an jokoan izango da 131. Kontxako Bandera. Lehiakideen artean izango dira Ondarroa gizonezkoetan eta Zarautz emakumezkoetan. Bietan herri ordezkaritza izango da.

Erabakia dago nortzuk parte hartuko duten arraun munduko oihal preziatuena etxeratzeko lehian. 131. Kontxako Bandera izango da jokoan datozen bi igandeotan, irailaren 6an eta 13an. Asteazken eta ostegun honetan, hilaren 2an eta 3an jokatu dira hitzorduotarako gizonezkoen eta emakumezkoen arteko sailkapen probak.

Sailkatu direnen artean dira, gizonezkoen artean, Ondarroa eta emakumezkoen saioan Zarautz. Bi arraunontziok nabarmendu nahi izan ditugu bietan dagoelako herri ordezkaritza. Iaz, beste urtebeterako kontratua berritu ostean, Ondarroako entrenatzailea da Iñaki Errasti Ubera. Bestalde, Zarautz arraun elkarteko lehendakaria da Usurbilgo Nagore Arruti Urkiola. Udalerri horretako taldeko gizonezkoak bederatzigarren postuan amaitu zuten sailkapen proba eta honenbestez, ezingo dute parte hartu Kontxako Banderan. Emakumezkoen taldea, aldiz bai, Donostiako uretan lehiatuko da.

Sailkatze estropaden ondotik, irailaren 6an talde bakoitza ze txandetan lehiatuko den erabakitzeko zozketak egin dituzte Donostiako udaletxean. Zarautz eta Ondarroa zazpigarren postuan sailkatu dira egunotako probetan eta biek lehen txandan jokatuko dute irailaren 6ko lehen jardunaldian.

Tren zerbitzu bereziak
Donostiako estropadetara joateko tren zerbitzua indartuko du Euskotrenek urtero moduan, irailaren 6an eta 13an. "Igandeetako ohiko maiztasuna hainbat zirkulazio berezirekin osatuko da. Trenetan hobeto banatu ahal izateko, Euskotrenek erabiltzaileei APP ofizialean eta euskotren.eus webgunearen bilatzailean ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko gomendatzen die", ohartarazi du Euskotrenek.

Datozen bi igandeotan, goiz partean indartuko du Euskotrenek tren zerbitzuen eskaintza Usurbildik Donostiarantz. Orduotan igaroko da trena Usurbildik, Gipuzkoako hiriburu alderantz: 8:24, 8:54, 9:24, 9:36, 9:54, 10:24, 10:36, 10:54, 11:24... Larunbat, igande eta jaiegunetan, orduero izaten da tren zerbitzua. Bistan denez, datozen bi igandeotan maiztasun handiagoz ibiliko da zerbitzu hau joan-etorrian goiz partean.

Bide batez, Eusko Trenbideak-ek jakinarazi duenez, astelehenetik, hilaren 7tik aurrera indarrean izango du "neguko" ordutegia. "Udako oporraldia amaitu eta ohiko jarduerara pixkanaka itzultzen ari garenez, irailaren 7tik aurrera tren eta metro linea guztietako ordutegien aldaketa egongo da indarrean. Ordutegiak eta maiztasunak egokitzea da helburua; batez ere hezkuntza- eta lan-arrazoiengatiko joan-etorrien beharrei erantzuteko. Horregatik, neguko ordutegiarekin batera, goizeko puntako orduetan indargarri gisa ibiliko diren trenak ere itzuliko dira", azaldu du Euskotrenek. 

Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko duzue:
944 333 333
euskotren.eus


Kontxako 131. Bandera:
Emakumezkoen sailkatze proba
1-San Juan: 10:57.06
2-Astillero: 11:00.88
3-Tolosaldea: 11:00.92
4-Orio: 11:01.02
5-Hibaika: 11:02.46
6-Donostiarra: 11:04.90
7-Zarautz: 11:06.66

Gizonezkoen sailkatze proba
1-Zierbena: 20:11.08
2-Orio: 20:13.70
3-Hondarribia: 20:15.36
4-Bermeo: 20:18.78
5-Getaria: 20:22.02
6-Lekittarra: 20:26.02
7-Ondarroa: 20:28.62

Jardunaldi egunak:
Noiz: irailaren 6a eta 13a.
Ordua: 11:00 (emakumezkoen estropadak), 12:00 (gizonezkoen estropadak).
Emakumezko arraunlari taldeen lehen jardunaldiko parte hartzea:
1. txanda: Donostiarra, Zarautz, Hibaika eta Tolosaldea.
2. txanda: Orio, San Juan, Arraun Lagunak eta Astillero.

Gizonezko arraunlari taldeen lehen jardunaldiko parte hartzea:
1. txanda: Donostiarra, Getaria, Orio eta Ondarroa.
2. txanda: Hondarribia, Lekittarra, Zierbena eta Bermeo.