Irekiera data jarri diote Oiardo kiroldegiko igerileku eta sauna berrituari. Aldaketarik ezean, azaroaren 2an ireki asmo dute, iazko abuztu amaierako suteak gehien kalteturiko eremua. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak ohar bidez, ostiral honetan, irailaren 4an, lanen jarraipena egiteko udal ordezkariek "lanak esleitu zitzaizkion Igez Eraikuntzak enpresako ordezkariekin batera" Oiardo kiroldegian eginiko bisitan. "Zenbait lan falta badira ere, martxa onean doaz kiroldegiko obrak", jakinarazi dute.
Irekiera egunerako, azaroaren 2rako alegia, "uretako ikastaroen izen-ematea prest uztea da asmoa: eskaintza itxitakoan emango da data zehatzen berri, baina urrian izango dela aurreikusi du Kirol sailak".
Udalak gogora ekarri moduan, "Kiroldegiko saunan piztu zen sua, 2025eko abuztuaren 27an, eta kalte material nabarmena eragin zuen. Aldamenean daude sauna eta igerilekua, eta horiek izan ziren eremu kaltetuenak. Era berean, sua bertikalki zabaldu zen, azpiegiturak kiskaliz. Udalak egindako azterketak 641.000 euroan baloratu zituen kalteak. Obrak egin ahal izateko prozedura ahalik eta gehien azkartzeko, eta horretarako gaitasun ekonomikoa zeukalako, 641.000 euroko kreditu aldaketa onartu zen urriko osoko bilkuran: udalaren aseguruak osorik finantzatuko du obra".
Maiatzean hasi zituzten konponketa lanak. "Esleipendunek azaldu dutenez, azpiegiturak izan ziren kaltetuenak sutean, eta horrek eskatu die lan gehiena. Obrak urriaren hasieran amaitzea espero dute, eta, ondoren, irekiera prestatu behar da, baldintza guztiak betetzen direla bermatzeko. Aurreikuspenen arabera, azaroaren 2an irekiko dira bi eremuak, batera".


