“Hasieran, hilabete batzuk izango zirela esan zuten. Gero, uda amaitutakoan igerilekua zabalik egongo zela. Orain, berriz, azaroaren 2ra arte itxaron beharko dugula diote. Errealitatea tematia da: EH Bilduk beste behin ere ez du emandako hitza bete”. EAJ-PNVk prentsara igorritako idatzian gogor salatu du udal gobernuaren kudeaketa.
Jeltzaleen ustez, larria da EH Bildu orain irekiera-data berri bat lorpen gisa aurkezten saiatzea, “izan ere, data horrek agerian uzten duena da prozesu osoan egindako plangintzaren eta kudeaketa politikoaren porrota. Ez dezala inork azaroaren 2koa arrakasta gisa aurkeztu. Berandu iristea ez da ondo kudeatzea. Urtebete baino gehiago itxita egon ondoren, irekiera data berria ez da lorpen bat. Hasieratik gaizki kudeatu izanaren ondorioa da”.
Usurbilgo alderdi jeltzalearen esanetan, “egoera are larriagoa da aurreikus zitekeelako. EAJ-PNVk 2025aren amaieran jarri zuen auzia mahai gainean, 2026ko udal-aurrekontuak prestatu eta eztabaidatzeko prozesuan”. EH Bilduk ez zuela EAJren proposamena aintzat hartu eta azken hilabeteotan ere egoeraren larriaz ohartarazi izan duela dio alderdi jeltzaleak. “Duela hilabete batzuk ohartarazi genuen. EH Bilduk bazekien egoera ezohikoa zela eta, hala ere, errealistak ez ziren aurreikuspenak egin zituen. Gaur badakigu nork zuen arrazoia”, adierazi dute. EAJ-PNVren esanetan, gertatutakoak gobernatzeko modu kezkagarria islatzen du: “Ez da nahikoa aurrekontuak paperean onartzea eta iragarpenak egitea. Kudeatu egin behar da, aurrea hartu eta agindutakoa bete. Eta, kasu honetan, EH Bilduk ez du hiruretako bat bera ere egin”.
“EH Bilduk gaizki planifikatu du eta ez ditu bere konpromisoak bete. Eta ezintasun horren ondorioak usurbildarrek pairatu dituzte”
EAJ-PNVk jakin nahi du “zerk huts egin duen, zergatik ez diren epeak bete, zergatik ez ziren beharrezko administrazio-izapideak lehenago egin eta zergatik ziurtatu zuen EH Bilduk igerilekua uda ostean erabilgarri egongo zela, azkenean hala izango ez denean”. Udal gobernuak espedienteez, obrez eta tramiteez hitz egin dezakeela dio EAJk, “baina eguneroko errealitatea askoz ere sinpleagoa da: Usurbilgo familiak urtebete baino gehiago daramate euren Udala igerilekua berriro erabiltzeko moduan noiz jarriko zain”. EH Bildu berandu iritsi dela diote, “gaizki planifikatu du eta ez ditu bere konpromisoak bete. Eta ezintasun horren ondorioak usurbildarrek pairatu dituzte”.