Bizitza ospatzeko egun honetan, erritmo biziak nagusitu dira eguerdi partean. Larunbat honetan, irailaren 5ean Usurbilen ospaturiko 3. Iñurri Egunak batukada feministen topagunea izan du. Herrian barrena kalejira bizi askoa egin dute, udalerri ezberdinetako taldeek; tartean zen baita, herri ordezkaritza bat ere. Besteak beste, Kale Nagusia edota Zubiaurrenea kalea zeharkatu dituzte, Mikel Laboa plazara heldu arte.
Talde argazki jendetsua atera aurretik, gogotik girotu dute herri erdigunea. Dema plazan amaitu dute bira, frontoiko bazkalorduan. Lagunarte giro ederra izan dute bidelagun, kalejira osoan.