Bizitzari gorazarre egin dio gogotik, larunbat honetako, irailaren 5eko Usurbilgo 3. Iñurri Egunak. Askotariko ekintzen eta ekimenen bidez girotu du herri erdigunea, izen bereko eta egoitza Askatasuna plaza ondoan kokaturiko elkarteak.
Besteak beste, auzolanarekin batera, elkartasun giroa nagusitu da. Iñurriren eskutik jasotako bueltan, elkarte horri eman eta eskertzeko aukera izan da gaurkoan ere, besteak beste, Sutegi ondoan jarritako denda solidario arrakastatsuarekin.
Iñurri elkarteak ezagun eginiko aldarrien isla diren arropa eta osagarri hainbat salgai jarri dituzte. Egunean zehar, hainbat lagun hurbildu da postura erosketak egin eta hala, Iñurri elkartea laguntzera.
"Amona Isaren omenez"
Aurtengoan, gainera, elkartasun postu bikoitza izan du 3. Iñurri Festak. Izan ere, bilgunekoen ondoan, herriko gazte talde batek ere askotariko eskulan eta objektuez horniturikoa egokitu du. Astelehenean, Udarregi ikastolako LH 5. maila abiatzera doan irudiko taldeak haien kabuz, eskuz sortzen joandako lanak salgai jarri ditu. Horrekin batera, taldeko lagun bati urte hasieran minbiziak jota zendutako "amona Isaren omenez" elkartasun postua ere jarri dute. Zendutako emakumeak argi zuen, bere etxeko hainbat objektu salgai jarri eta horren truke bildutako laguntza Iñurri elkartearentzat izatea nahi zuela. Bere borondatea betearazi du gaurkoan, irudiko gazte taldeak.
Postua iragartzeko aukera izan dute, gainera, bertso musikatuen saioaren hasieran, ekitaldiko oholtza gainetik bertatik. "Elkartasun denda bat jarri dugu", jakinarazi diete frontoian bildutakoei. Hortik jasotako laguntza Iñurri elkartekoentzat izango zela iragarri dute. Horretarako, "guk egin ditugu eskumuturrekoak, lepokoak, belarritakoak eta abar".
Bide batez, aipatu moduan, amona Isaren borondatea beterazi dute, "gure lagun baten amona minbiziarekin hil delako. Hil aurretik esan zuen, bere etxeko gauzak dendan jartzeko". Horregatik, adierazi diete Iñurri festan elkartutakoei, "eskertuko genizueke gure dendara gerturatzea". Frontoian zirenen merezitako txalo zaparrada jaso dute.