Usurbil K.E., 2026-27

Senior nesken txanda, eskubaloi festaren bigarren jardunaldi egunean

Noaua Aldizkaria

Usurbil Kirol Elkarteak astebururako antolaturiko eskubaloi festaren baitan, bigarren jardunaldi eguna zuten larunbat honetakoa, irailaren 5ekoa. Senior nesken txanda izan da oraingoan.

Indartsu ekin dio Usurbil Kirol Elkarteak 2026-27 denboraldiari; besteak beste, asteburu honetan Oiardo kiroldegian antolaturiko eskubaloi festarekin. Atzo hasi zuten senior mutilen arteko neurketekin; senior nesken txanda izan da larunbat honetan. Maila horretan Usurbilek duen ordezkaritzak parte hartu du kiroldegiko ziklo honetan, Usurbil K.E.-k ekimenera gonbidaturiko Zarautz K.E., Club Balonmano Romo Broker Kirol eta Urdaneta taldeekin batera.


Ate irekien jardunaldiak
Datorren asterako ekimen gehiago iragarri ditu Usurbil K.E.-k. Ate irekien jardunaldiak antolatu ditu irailaren 9rako (17:45) eta 11rako (16:45) 2015-18 urte artean jaiotakoentzat. "Ekimenaren helburua da haurrek kirola modu atsegin, ludiko eta hezitzailean ezagutzea, jolasaren bidez mugimendua eta talde-lana sustatuz", Usurbil K.E.-tik aditzera eman dutenez. Eskubaloiaz zer ikasia izango dute, baina horrez gain, "haurrek ondo pasatzea, lagun berriak egitea eta kirolaren bidez balio positiboak bizitzea" sustatu nahi dute.

Doako saio horien dinamikaren berri eman digute. "Bi jardunaldi horietan parte hartzaileek eskubaloiaren lehen urratsak ezagutzeko aukera izango dute, baina betiere adin horietara egokitutako dinamiken bidez. Saioetan jarduera fisikoa, koordinazioa, harremanak eta talde-kohesioa landuko dira, entrenamendu tradizionaletatik harago doan ikuspegiarekin". Horrez gain, sorpresa edo gonbidatu berezirik ere egon daitekeela aurreratu dute.

Izen-ematea
Hitzorduotan parte hartzeko ez da aldez aurreko esperientziarik beharko. Izena eman asmo dutenek "urte osoko jardueran parte hartu ahal izango dute. Kasu horretan, urteko kuota 60 eurokoa izango da, eta klubak kirol-arropa utziko die parte hartzaileei. Denboraldian zehar, astean entrenamendu-saio bat egingo dute, eta horrez gain, hilabetean behin gutxi gorabehera, Gipuzkoako beste herrietako neska-mutilekin topaketak izango dituzte, kirola eta harremanak uztartzen dituen giro onean".

Usurbil K.E.-tik gogora ekarri dutenez, "Usurbil Kirol Elkarteak urteetako esperientzia du umeei zuzendutako kirol-jarduerak antolatzen, eta parte hartu izan duten familien eta haurren asebetetze-maila oso handia da. Gurasoek bereziki baloratzen dituzte giro osasuntsua, hezitzaileen gertutasuna eta haur bakoitzaren garapen pertsonalari eskaintzen zaion arreta".

Ate irekien jardunaldiotan parte hartzeko gonbita egin dute. "Irailaren 9an eta 11n ate irekietara hurbildu, probatu eta eskubaloiaren zein talde-kirolaren balioak lehen eskutik ezagutzeko aukera izateko".

Informazio gehiago, usurbilkirolelkartea@gmail.com helbidean jaso ahalko da.


Usurbil K.E.-ren deialdiak
Ate irekien saioak
Irailak 9 (17:45) eta 11 (16:45) Oiardo kiroldegian.

Bazkidetza
Bazkidetza bideratzeko aukera izango da asteburuan, irailaren 4an (17:00-20:00) eta hilaren 5ean (17:30-20:30) Usurbil K.E.-ren Oiardo kiroldegiko tabernan, 50 euroren truke. "Ordainketa unean bertan egin ahal izango da, eskudirutan edo txartel bidez". Bestela, formulario hau osatuta tramitatu ahalko da bazkidetza: Usurbil K.E.-ren bazkidetza Formulario hori osatuta, bazkide txartela irailaren 10ean edo 11n, 19:00-20:00 artean jaso ahalko da Oiardo kiroldegian. Ordainketak irailaren 9a baino lehen egin beharko dira, eskudirutan, txartelaren edo transferentzia bidez. "Transferentzia egin dutenek frogagiria aurkeztu beharko dute irailaren 10ean edo 11n, eta klubak ordainketa jasota dagoela egiaztatuko du". Hauxe da kontu zenbakia: ES47 3008 0259 1120 3871 5328 (Usurbil Kirol Elkartea).