2026-27

Ikasturte berria martxan, ohikotasunera itzularazi digun astelehena gaurkoa

Noaua Aldizkaria

2026-27 ikasturtea martxan da ofizialki astelehen honetatik. Udarregi ikastolaren bueltan, ohiko joan-etorriak ikusi ditugu berriz, gaur goizeko 9:00ak jo aurretik. Ikastetxe gehiagotan edota Zumarte Musika Eskolan ere gaurtik sasoi berrian murgilduko dira.

Une oro hasi daiteke berriz, baina hasierek egun seinalatua izaten dute egutegian; astelehen honetakoa. Izan ere, irailaren zazpigarren honetan ekin berri diote 2026-27 ikasturteari. Udarregi ikastolaren atarian ohiko joan-etorriak nagusitu dira goizeko 9:00ak jo aurretik. DBH ziklokoek ostiralean, hilaren 4an izan zuten aurkezpen saioa. Gaurtik aurrera, ohiko martxari helduko diote. HH eta LH zikloetakoek aldiz, gaurkoa zuten estreinako eguna. 

Ohiko ibilgailu eta autobusen mugimendua nagusitu da Agerialderen bueltan. Ikasleak, ikasmateriala, gurasoak... Ohiko astelehena izatera itzuli gara, udako oporraldi luzearen ondotik.

Halere, pixkanaka murgilduko dira ikasleak ikasturte berrian. Izan ere, ezohiko ordutegian izango dira hilaren 25era arte. DBHkoen kasuan, 14:30ak arte izango dira egunero ikastolan hilaren 25era arte, ikasturte amaieran bezalaxe. Irailaren 28tik aurrera, asteazken eta ostiraletan ordutegi horretan ariko dira eskolak jasotzen. Astelehen, astearte eta ostegunetan, aldiz, ordutegi honetan: 8:25-12:30 / 14:30-16:30.

LH eta HH-koek ere irailaren 25era arte ordutegi laburragoa izango dute; HH eta LHkoen kasuan 12:30ak arte hilaren 25era arte, baita ikasturte amaieran ere. Hilaren 28tik aurrera, aldiz, ordutegi hau izango dute: 9:00-12:30 /14:30-16:30. HH-koek sarrera malgua izango dute goizean eta eguerdi nahiz arratsalde partean, 5-10 minutu lehenago irtengo dira.

Informazio gehiago 943 361 216 telefono zenbakian edo udarregi.eus atarian jaso daiteke edo ikastolako idazkaritzan, ordutegi honetan: 8:30-9:30/12:00-14:00.

Agerialde aipatuta, bertan segiko du Kalezarko eraikina berritu artean, haur eskolak. Berrikuntzekin ekingo diote ikasturte berriari. Izan ere, Haurreskolak Partzuergoan txertatuta hasiko du sasoi berria. Dagoeneko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskolen Partzuergoko zerrendan ageri da Usurbilgoa ere, haurreskolak.eus atarian ikus daitekeen moduan. Bere gain hartuko du 0-2 zikloa. 2-3 tarteak Udarregi ikastolaren esku segiko du aurrerantzean ere.

Aginagako eta Zubietako eskola txikiak ere 2026-27 ikasturtean murgilduak izango dira egunotan.

Lanbide Eskola
2026-27 ikasturte berriari ekiten goiztiarrena Zubieta Lanbide Eskola izan da. Irailaren 3an ekin zioten denboraldi berriari, erdi eta goi mailako zikloetako lehenengo zein bigarren ikasturteetako taldeen aurkezpen saioekin.

Oriarte

Lasarte-Oria eta Usurbilgo institutuan ere astelehen honetan, irailaren 7an ekingo diote 2026-27 ikasturte berriari. Gaurko iragarri dute sasoi berriari lotutako aurkezpen saioa. Informazio gehiago oriarte.hezkuntza.net atarian jaso daiteke.

Zumarte Musika Eskola
Gaur, irailaren 7an ekingo dio ikasturte berriari Zumarte Musika Eskolak ere. "Udako oporrak bukatu ditugu eta gogoratzen dizuegu Zumarte Usurbilgo Musika Eskolako saioak irailak 7an (astelehena) hasiko ditugula", adierazi dute musika eskolatik. Haien webgunean, zumarte.eus atarian kontsulta daiteke ikasturte berriko egutegia.