Dirulaguntzei lotutako hiru jakinarazpen argitaratu ditu Usurbilgo Udalak, astearte honetako, irailaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Batetik, "Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi-erreleboa sustatzeko dirulaguntza oinarriak" kaleratu ditu Udalak. "Oinarri hauen xedea da Usurbilgo Udalak tokiko ohiko zerbitzuen ondorengoetaratzea eta belaunaldi-erreleboa sustatzeko emango dituen 2026ko dirulaguntzak arautzea, lehiarik gabeko norgehiagoka-erregimenean, lehendik dauden jardueren jarraipena bermatzen duten titular berriei laguntzeko. Dirulaguntza hauen bidez, lehendik Usurbilen ezarriak dauden eta bideragarriak diren tokiko merkataritza, ostalaritza eta bestelako ohiko zerbitzuen itxiera saihestu nahi da, herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzu horien jarraipena bermatzeko", dio Udalak GAO-n argitaraturiko iragarkian.
Helburua, "negozioen titulartasuna hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoei laguntzea da, bideragarritasun ekonomikoko eta egonkortasuneko baldintzetan jarraituko dutela bermatuz". Alegia, "tokiko zerbitzu txikien iraunkortasuna" sustatu nahi du Udalak dirulaguntza lerro berri honen bidez, "jarduera ekonomiko finkatuen transmisio ordenatuko prozesuak erraztuz". Horregatik, "bereziki, dauden negozioen jarraikortasuna bermatu nahi da, transmisioaren ondorengo hasierako fasean egonkortzen lagundu, eta jarduerari atxikitako enpresa-ezagutza behar bezala transferitzen lagundu".
Kopurua
35.800 euro bideratuko ditu Udalak dirulaguntza deialdi horretara. Hiru lerroetan banatuko dute laguntza hori. "11.000 € eskualdaketari lotutako gastuei aurre egiteko eta beste 16.800 € bi urtetako lokalaren alokairu edo erosketa gastuak diruz laguntzeko lerrorako. Azken lerro honetarako gehienez ere 9.600 € erabiliko dira 1. urtean eta 7.200 € bigarren urtean. Gainera beste 8.000 € ezarri dira ezagutza edo know-how-aren transmisiorako".
Zenbaki gehiago. Negozioa eskualdatzeari lotutako dirulaguntza gehienez 5.500 eurokoa izango da; eskualdatutako lokalaren alokairu edo erosketa gastuei aurre egiteko laguntza gehienez 400 eurokoa hilero lehen urtean eta 300 eurokoa hilero bigarrenean; azkenik, ezagutza transmititzea ahalbidetzeko gehienez ere 4.000 euroko laguntza jaso ahalko da. "Enpresa bakoitzeko laguntzak guztira gehienez ere lehendabiziko urtean 14.300 € (5.500 € + 4.800 € + 4.000 €) izango dira eta bigarrengoan 3.600 €. Enpresa bakoitzak bi urtetan gehienez jasoko duen diru-laguntza 17.900 € izango dira".
Eskabideak bihartik, irailaren 9tik 2027ko urriaren 31ra arte eskatu ahalko dira presentzialki udal erregistroan edota telematikoki usurbil.eus atarian.
Udalak jasotako "eskabideen kopuruak eta zenbatekoak ezarritako baliabide ekonomikoak gaindituko balitu, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handitu ahal izango du, bere finantza-aukeren arabera".
Informazio gehiago astearte honetako, irailaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso ahalko duzue.