Bi dirulaguntza deialdien ebazpenak kaleratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria

Aurreko ikasturtean, euskara ikasten aritu nahiz aisialdiko begirale edo zuzendari izateko titulua eskuratzeko eginiko ikastaroen truke dirulaguntzak eskatu zituztenei zuzenduriko behin betiko ebazpen bana kaleratu du Usurbilgo Udalak, astearte honetako, irailaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

Euskara ikasteko dirulaguntza deialdiaren behin betiko ebazpenari dagokionean, 36 eskaera aurkeztu ziren Udalak ekainaren 23tik uztailaren 7ra arte, zeregin horretarako finkaturiko epealdiaren baitan. Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak 2026ko uztailaren 28an egindako bilkuran, guztira, 15.782,87 euroko laguntza ematea onetsi zuen. Erabaki haren behin-behineko ebazpena argitaratu zuen Udalak abuztuaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Interesdunek alegazioak aurkezteko hamar eguneko tartea izan zuten segidan. Halakorik egon ez arren, bi eskatzaileri onartutako dirulaguntza kopuruan izandako transkripzio akatsa zuzendu du Udalak eta behin betiko ebazpena kaleratu du gaurko, hilaren 8ko GAO bidez. Guztira, 15.782,87 euroko laguntza emango du.

Bestalde, 2025-26 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari izateko titulua eskuratzeko ikastaroren bat egin dutenek ere ekainaren 23tik uztailaren 7ra arteko tartean Udalaren dirulaguntza deialdira eskabideak aurkezteko aukera izan zuten. Guztira, hemeretzi eskabide egin zituzten. Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak, uztailaren 28ko bilkuran, behin-behinean guztira 4.277,50 euroko laguntza ematea erabaki zuen. Hamar eguneko tartea izan zuten interesdunek alegazioak aurkezteko, Udalak, abuztuaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi ostean. Halakorik ez zen aurkeztu. Honenbestez, behin-behineko ebazpen hura behin betikoan bilakarazi du Udalak, astearte honetako, irailaren 8ko GAO bidez berri eman duenez.