2026-27

Haur eskolan izena emateko aukera irailaren 11ra arte

Noaua Aldizkaria

Haurreskolak Partzuergoak ezohiko izen-emate epealdia ireki du irailaren 11ra arte, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez.

Ostiralera arte, irailaren 11ra arte ezohiko izen-emate epealdia zabalik izango du Haurreskolak Partzuergoak. Tramitazio hori egiteko aukera izango da ordura arte, goizero, 11:00-14:00 artean, haur eskolan bertan. "Orain izena ematen dutenek urrian hasteko aukera izango dute", Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez. Udaletik azaldu dutenez, "Partzuergoak hilabetero eskaini ohi du haur eskola zerbitzuan izena emateko aukera, irailean izan ezik. Aurten, ordea, salbuespena egin, eta epea zabaldu du".

Partzuergoan integratzeko azkeneko urrats erabakigarriak
Haur eskola Partzuergoan integratzeko beste bi urrats erabakigarri eman zituen udalbatzak, uztailaren 23ko osoko bilkuran; batetik, Udalaren eta Udarregi ikastolaren arteko kontratu haustura tarteko, aldeek eginiko negoziazioen ondotik, guztira, ikastolari 50.000 euroko kalteordaina ordaintzea onartu zuen udalbatzak aho batez, uztailaren 23ko osoko bilkuran, "galera hori arintzeko helburuz".

Horrekin batera, Haurreskolak Partzuergoaren eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena onartu zuen udalbatzak aho batez, "udal haur-eskolaren integrazioa, zerbitzuaren kudeaketa eta langileen integrazioa arautzeko".

Udal gobernu taldetik aditzera eman bezalaxe, "hitzarmenak bi eranskin ditu; bat, langileei dagokiona, subrogatuko diren zazpi langileak zeintzuk diren jasotzen duena. Bestetik, eraikinari dagokionez, udalari dagokio haur eskolaren eraikina Partzuergoaren esku uztea, Partzuergoak eskain dezan zerbitzu hori gure herrian. Baina eraikina uztearekin batera, Udalari dagokio eraikin horren mantenua eta garbitasuna egitea".

Dakizuenez, eraikin horren eraberritze lanak tarteko, behin-behinean Agerialden kokatua dago haur eskola. Hitzarmenean zehaztua dago, lanak amaitu artean haur eskolak bertan segitzea baimenduko duela Partzuergoak.