#I13

Usurbildik elkarrekin joateko deia, Ernaik igandean Donostian deitutako manifestaziora

Noaua Aldizkaria

"Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez!" aldarripean, manifestazio nazionala deitu du Ernai gazte antolakundeak igande honetan, irailaren 13an Donostian. Ernai Usurbilek hitzorduarekin bat egin eta hiriburura elkarrekin joateko deia egin du.

Manifestazio nazionala deitu du Ernai gazte antolakundeak irailaren 13an Donostian. Estropaden bigarren eta azken jardunaldi egunaren amaieran egingo da mobilizazioa. 13:30etan abiatuko da Bulebarretik, "Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez!" aldarripean. Usurbilgo gazte antolakundeak ere bat egin du mobilizazioarekin. Sare sozialen bidez zabaldutako bideo bidezko mezua duzue albiste honi atxikia. Hilaren 13an manifestazio nazionalera joateko deia egin dute. "Irailaren 13an, har ditzagun Donostiako kaleak. Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez!", adierazi dute.

Donostiako mobilizazioara elkarrekin joateko deia egin du Ernai Usurbilek. Igandean 12:00etan Txirristran elkartu, 12:24ko trenez hiriburura joan eta 13:00ean usurbildarren argazkia ateratzeko deia egin dute, manifestaziora joan aurretik.

"Faxismoaren aurka eta herri honen askatasunaren alde"
Ernai Usurbilen esanetan, "garai erabakigarriak bizi ditugu. Ezagutzen dugun mundua eraisten ari da eta jada ezer ez da berdin izango. Gerra hotsak, genozidioa, eraso militaristak... Egunerokotasunean entzuten ditugu, telebistan, irratian, kaleetan, pankartetan, karteletan... Eta noski, askotariko zapalkuntzak bizi ditugu egunez egun, geroz eta bortitzago. Orain arte prekarizatuta bizi baginen, orain are prekarizatuago biziko gara gazteok. Egoera ezegonkorra den heinean, are ezegonkorragoak izango dira gazteon bizitzak".

Gogora ekarri dutenez, "kapitalismoak, ezegonkortasuna nagusitzen den garai honetan, beharrezkoa du beraien parametroetan kokatu eta zentzu komunean ideia atzerakoiak zabalduko dituen olatu erreakzionarioa. Faxismoak bere ideiak zabaltzeko jendeak geroz eta ideia kontserbadoreagoak eta erreakzionarioagoak izatea behar du. Horregatik, faxistek olatu erreakzionario hori indartzen dute. Hori sare sozialetan, hedabideetan, kalean, plazetan, lagunarteetan ikusten da".

Euskal Herriari dagokionean, "faxismoak espainolismoaren forma hartzen du eta hau ez da ausaz gertatzen. Espainolismoaren forma hartzen du, Euskal Herriaren proiektua kontrajarria zaielako. Kontrajarria zaie, proiektu integral bat eskaintzen dugulako eta kontrajarria zaie, urteak daramatzagulako lanean eta euste horma indartsu bat eraiki dugulako".

Horregatik guztiagatik, "egiteko bat da inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde lan egiten dugun gazteontzat faxismoaren aurka eta herri honen askatasunaren alde borrokatzea. Eta zu ere, beharrezkoa zaitugu".

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Ernai Usurbil✊ (@ernaiusurbil)

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de ERNAI Buruntzaldea (@ernaiburuntzaldea)