Etenik ez tren zerbitzuan gaur gauean

Noaua Aldizkaria

Tren zerbitzua ez da etengo asteazken gau honetan, irailaren 9an. Zarauzko Euskal Jaiak tarteko, Donostia eta Zumaia artean zerbitzu bereziak eskainiko ditu EuskoTrenek.

Astelehenaz, hilaren 7az geroztik indarrean du "neguko" ordutegia EuskoTrenek. "Udako oporraldia amaitu eta ohiko jarduerara pixkanaka itzultzen ari garenez, irailaren 7tik aurrera tren eta metro linea guztietako ordutegien aldaketa" txertatu zuten. Eusko Trenbideak-ek arabera, "ordutegiak eta maiztasunak egokitzea da helburua; batez ere hezkuntza- eta lan-arrazoiengatiko joan-etorrien beharrei erantzuteko. Horregatik, neguko ordutegiarekin batera, goizeko puntako orduetan indargarri gisa ibiliko diren trenak ere itzuliko dira", azaldu zuen Euskotrenek. 

"Neguko" ordutegia indarrean jarri arren, uda amaiera honetako hainbat ospakizunez gozatzeko tren zerbitzu bereziak iragarri ditu egunotarako. Batetik, asteazken honetan, hilaren 9an, Zarauzko Euskal Jaien harira, asteazken gau honetatik ostegun goizalderako tartean, tren zerbitzu bereziak izango dira. Astean zehar, 22:04an izaten da azken tren zerbitzua Usurbildik Zarautz alderantz. Gaur gauean zehar, aldiz, orduotan ere tren zerbitzua izango da noranzko horretan: 23:34, 00:04, 00:34, 01:04, 02:04, 03:04, 04:04. Hurrengo zerbitzua egunerokoa izango da, 06:04koa.

Zumaia eta Donostia artean gau osoan izango da tren zerbitzua. Hala, Usurbildik Donostiarantz ere trenez joan ahalko gara hilaren 9tik 10erako gauean, eguneroko 22:54ko ohiko zerbitzuaren ostean, orduotan hain zuzen: 00:24, 00:54, 01:24, 01:54, 02:54, 03:54, 04:54, 05:27. Hurrengo zerbitzua egunerokoa izango da, 6:24koa.

Kontxako estropadetara ere trenez
Urtero moduan, aurreko igandean egin bezalaxe, hilaren 13ko Donostiako estropaden bigarren eta azken jardunaldi egunera joateko tren zerbitzua indartuko du Euskotrenek. "Igandeetako ohiko maiztasuna hainbat zirkulazio berezirekin osatuko da. Trenetan hobeto banatu ahal izateko, Euskotrenek erabiltzaileei APP ofizialean eta euskotren.eus webgunearen bilatzailean ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko gomendatzen die", ohartarazi du Euskotrenek.

Hilaren 13an, goiz partean indartuko du Euskotrenek tren zerbitzuen eskaintza Usurbildik Donostiarantz. Orduotan igaroko da trena Usurbildik, Gipuzkoako hiriburu alderantz: 8:24, 8:54, 9:24, 9:36, 9:54, 10:24, 10:36, 10:54, 11:24... Larunbat, igande eta jaiegunetan, orduero izaten da tren zerbitzua. Bistan denez, hilaren 6an bezalaxe, datorren igandean ere maiztasun handiagoz ibiliko da trena joan-etorrian, goiz partean.

Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko duzue:
944 333 333
euskotren.eus