Udal langileak grebara deitu dituzte berriz urriaren 8an

Noaua Aldizkaria

"Udalhitzeko mahaian eta udaletako negoziazioetan aurrerapausorik ez dagoenez", urteko lehen seihilekoan hasitako greba dinamikari segida ematea erabaki dute LAB eta ELA sindikatuek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langileak grebara deitu dituzte berriz, urriaren 8an.

Bi orduko lanuztea egin zuten apirilaren 23an, maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko greba. Udaberri amaieraz geroztik, "negoziazioetan aurrerapausorik ez dagoenez", LAB eta ELA sindikatuek grebara deitu dituzte berriz urriaren 8rako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langileak; honenbestez, baita Usurbilgoak ere.

Sindikatuok adierazi moduan, "Udalhitzeko negoziazioak bi urte beteko dituenean, garrantzizkoak diren eduki batzuetan nabarmen sakontzea falta da, besteak beste, erosahalmena berreskuratzeko neurri zehatzetan, euskaraz lan egin eta bizitzeko neurrietan, publifikazioetan azpikontrataturiko langileen subrogazio eskubidean, lanaldia gehiago murriztean eta errelebo kontratuan eta gazteberritze planetan".

"Ez dira behar besteko aurrerapausoak eman"
LAB eta ELA sindikatuek gogorarazi bezalaxe, ia bi urte igaro dira Udalhitzeko mahaia eratu zenetik, "2010etik berriztu gabe dagoen akordioa berritzeko. Bitartean, Udalhitzeko lan-hitzarmenetik kanpo dauden udaletako lan-hitzarmenen negoziazioan ere egoera berdina da, eta ez da egon, orokorrean, akordio integral bat lortzeko lortzeko eta lan-hitzarmena osotasunean berritzeko aukerarik".

Lan-baldintzak hobetzeko udaleko langileon akordio integral gabezia duela urte askotakoa dela adierazi dute. Horregatik, "udaletako langileon lan-baldintzak okertzen doaz etengabe".

Udaberrian zehar eginiko lanuzte eta greba egunen harira, "balorazio oso positiboa egiten dugu, udal langileek haien lan-baldintzak hemen hobetzeko grina dutelako. Borrokarako prest dagoen kolektibo bat islatu zen data horietan".

Gainera, "alderdi politikoek eduki batzuk mahai negoziatzailera eramatea lortu genuen. Baina, zoritxarrez, borrokan dagoen udal sektorearen aldarrikapen asko ez dira oraingoz mahaira eraman. EAJ, EH Bildu, PSE eta alderdi independienteek ez dute gatazka honi eta lan-baldintzen hobekuntza integralari irtenbidea emateko benetako borondatea erakutsi eta orain arte egin diren mahai negoziatzaileetan ez dira behar besteko aurrerapausoak eman".

"Erabaki dugu geldirik ez geratzea"
Mahaigaineratu ez diren aldarrikapen horietako hainbat zehaztu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. "Besteak beste: azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko neurri zehatzak, euskaraz lan eta bizitzeko neurriak, publifikazioetan azpikontrataturiko langileen subrogazio eskubidea, lanaldia gehiago murriztea, errelebo kontratua eta gazte berritze planak".

Uztailaren 6an egin zuten negoziazioetarako azken saioa. Ordutik, "ez dugu edukietan konponbiderako inolako proposamen berririk jaso". Ondorioz, "LABek eta ELAk erabaki dugu geldirik ez geratzea. Eudel eta alderdi politikoak mugiarazi behar ditugu, eta uda aurreko hilabeteetan ikusi den bezala, hori soilik greba eta langileen mobilizazioarekin gertatzen da". 

EUDEL osatzen duten EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteei "negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan-baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko" galdegin diete. Artean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langileak grebara deitu dituzte urriaren 8an.