650 Usurbil Bizi

Lau bisita gidatu, 2026ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan

Noaua Aldizkaria

650 Usurbil Bizi herri egitasmoko lau bisita gidatu eskainiko dira 2026ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan. Guztira, 157 ekintza antolatu dituzte herrialde mailan, zikloaren hamargarren edizioan.

"Ondarea biziberritu, babestu eta bere etorkizuna berriz irudikatzeko" gipuzkoarren esku jartzea dute xede nagusia, Ondarearen Europako Jardunaldiek. "Gure eskuetan" aldarria hautatu dute hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko zikloaren hamargarren ediziorako. Europako Kontseiluak sustaturikoak dira, Europar Batasunaren lankidetzarekin eta erakunde gehiagoren parte hartzearekin. Ekimenak "Ondare Kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi du".

Europako Kontseiluak 1991. urtean abiarazitako egitasmoak "gure ondareari eragiten dioten arrisku desberdinen kontzientzia sortzen lagunduko dute, ingurumeneko, gizarteko eta teknologikoko presioek eraginda, eta geratzen den ondarea nola kontserbatu eta baloratu aztertzeko hausnarketa sortuko du".

Edizio honetako eskaintza "arriskuan dagoen kultura-ondarearen inguruan egituratzen da, hiru lan-ildorekin: biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea", antolatzaileen esanetan.

157 ekintza antolatu dituzte udazken honetarako, irailetik azarora, Gipuzkoako 36 udalerrietan; tartean, azken urteotan gertatu bezalaxe, Usurbilen. Udalerri honetan, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak eskainitako lau bisita gidatu ziklo honen baitan eskainiko dira; urriaren 24an lehenengoa, eta gainerakoak, azaroaren 7an, 8an eta 22an.

Ondarearen Europako Jardunaldiak
Urriak 24, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko aukera, organo erakustaldiarekin.
Zehaztasunak: "Usurbilgo ondarea askotarikoa eta aberatsa da, eta bisita gidatu honetan Salbatore eliza izango da ardatza. Bertan, elizaren historia eta kultur ondarea ezagutuko dira: erretaula, eraikina eta bereziki Cavaillé-Coll/Mutin organoa (1907/1920), mundu mailan erreferentzia den pieza paregabea. Bisita berezia izango da, Juan Luis Atxega organojolearen erakustaldia eta azalpenak entzuteko aukera ere izango baita".

Azaroak 7, larunbata
11:00-12:00 Gerraren Memoria ibilbidea.
Zehaztasunak: "Usurbilen ere arrasto sakona utzi zuen 1936ko gerrak. Usurbil 1936 elkarteak bildutako datu, dokumentu eta testigantzetan oinarrituta sortu da Gerraren Memoria Ibilbidea, herrian gertatutakoa ezagutarazteko. Bisita gidatu honetan, elkarteak bildutako informazioa partekatuko dugu zortzi geldiuneko ibilbidean zehar, memoria historikoa eta gerrak herrian izan zuen eragina ezagutzeko aukera eskainiz".

Azaroak 8, igandea
11:00 Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudiora bisita.
Zehaztasunak: "Usurbilgo Museo Irekia ezagutzeko bisita komentatuan, herriko kale, plaza eta hormetan barrena ibiliko gara, bertako ondare artistikoa eta kultur sorkuntza gertutik ezagutuz. Jose Luis Zumetaren legatua zaintzearen garrantziaz eta Remigio Mendiburu zein gaur egungo sortzaileen lanez ariko gara gida baten azalpenen bidez. Ondoren, furgonetan Zumeta Arte Estudioa bisitatuko dugu, eta Usoa Zumetak espazio berezi horren historia, sormen prozesua eta ondare hori etorkizunera transmititzearen garrantzia azalduko ditu".

Azaroak 22, igandea
11:00 Museo Irekia familientzako KRII kolektiboarekin.
Zehaztasunak: "Usurbilgo kaleetan barrena egingo den familia-bisita gidatu berezi honetan, KRII kolektiboak artea entzutetik proposatuko du esperientzia. Artelanak behatzeaz gain, inguruko soinuei, erritmoei eta musikari erreparatuko zaie, belarriek begiek baino lan handiagoa eginez. Euskal Herriko kulturaren mapan erreferentzia den Usurbilgo muralak eta eskulturak ezagutuko dituzte 6 eta 12 urte bitarteko haurrek eta familiek, zentzumenetan oinarritutako ibilbide parte-hartzaile batean, herriko soinu ondarea zaindu eta etorkizunera transmititzearen garrantzia ezagutuz".

Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus

Ondarearen Europako jardunaldiei buruzko egitarau zehatza, hemen: gipuzkoa.eus