Irailaren 26an

Bidelagunokin ospatuko ditu NOAUA! Kultur Elkarteak bere 30 urteak

Noaua Aldizkaria

30 urte bete ditu NOAUA! Kultur Elkarteak. Uztailaren 18ko "Ikimilikiliklik Vol.2" ikuskizunaren ondotik, bidelagunokin ospatu nahi du urtemuga borobil hori, irailaren 26an.

Dakizuenez, 30 urte bete ditu NOAUA! Kultur Elkarteak. Uztailaren 18an Dema plazan 650 Usurbil Bizi herri egitasmoarekin lankidetzan eskainitako "Ikimilikiliklik Vol.2" ikuskizunarekin ospatu zuen bilgune honek aipatu urteurren hori. Duela 50 urte Artze anaiek, Jose Luis Zumetak edota Mikel Laboak ondutako ikuskizun haren 50. urtemugaren harira, beste sortzaile talde  batek emanaldi berritua plazaratu zuen, irudi, hitz eta askotariko soinuen bidez. 

Ez da, ordea, kultur elkartearen 30. urtemugaren harira antolaturiko ekintza bakarra izango. Izan ere, irailaren 26rako iragarri du urteurren honi lotutako hurrengo hitzordua. Kartela prest du kultur elkarteak, albiste honi atxikia duzue. "Lau Haizeetara" aldarripean, Potxoenea ondoko Olanoenea plazan egingo da ospakizuna, arratsaldeko 19:00etan. "Idoia Torregaraik gidatuko duen ikuskizunean umorea izango da ardatz. Ospakizun berezia izango da: xumea, gertukoa eta goxoa, urte hauetan guztietan eraiki dugun guztia elkarrekin ospatzeko. Eta amaieran, nola ez, topa egingo dugu! Edalontziak eta sagardoa gure kontu".

NOAUA! Kultur Elkartetik hitzordura joateko gonbita egin da. "Urte hauetan guztietan NOAUA!ren bidelagun izan zareten bazkide, irakurle, eragile eta lagun guztiak elkartu nahi zaituztegu".


Bazkidetza
NOAUA! K.E.-ren bazkide izateak hainbat onura ditu; horien artean, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.

Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue edota web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean hain zuzen.