Usurbil 1936

"Oroimenaren soka eten ez dadin" ekitaldia, kolpistek herria hartu zutenetik 90 urtera

Noaua Aldizkaria

Usurbilgo herria errepublikaren aurka matxinatutako kolpistek hartu zutenetik 90 urte beteko dira hurrengo astean. Urteurren horren harira, "oroimenaren soka eten ez dadin" izeneko ekitaldia antolatu du Usurbil 1936 elkarteak irailaren 19an.

Bederatzi hamarkada igaro dira, errepublikaren aurka matxinatutako kolpistek Usurbil hartu zutenetik. 1936ko irailean izan zen. 90. urtemugaren harira, ekitaldi berezia antolatu du herri honen oroimena plazaratzen diharduen Usurbil 1936 elkarteak; "Oroimenaren soka eten ez dadin" izeneko hitzordua hain zuzen.

Irailaren 19rako antolatu dute, arratsaldeko 20:00etan Artzabalgo parkean. Euria balitz, Sutegin egingo da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, "elkarteak ekitaldi berezia prestatu du. Garai hartan herrian gertatutako hainbat pasadizo gogora ekarriko dira". Transmisioan eragin nahi dute, orduan jazotakoa ez dute ahanzturan geratzerik nahi. Izan ere, iraganean bizitakoa etorkizunean berriz errepikatzea ahalbidetzen du oroimen gabeziak.

Hementxe duzue, hitzordua iragartzeko antolatzaileek kaleraturiko kartela. Ekitaldira joan asmo dutenek, 1936ko gerra garaian Usurbilen bizitakoaz sakon informa daitezke aldez aurretik, aipatu elkarteak duen atarian, usurbil1936.eus webgunean hain zuzen. Urteetako lan mardula osatua du aipatu herri bilguneak.