"Oso pozik gaude aurten hainbeste bandera irabazi izanaz"

Noaua Aldizkaria

Zarautz Arraun Elkarteko lehendakaria. 2019an, arrauna utzi zuenean sartu zen Zarautz Arraun Elkarteko zuzendaritzan, eta 2024tik elkarteko lehendakaria da. 

Zer moduz joan da aurtengo denboraldia Zarautz Arraun Elkartearentzat?

Oso ondo, ezin gara kexatu. Ligako azkeneko estropadara arte eduki ditugu bi traineruak liga irabazteko aukera guztiekin. Lidergotik puntu batera ibili gara, baina azkenean ez zen suertatu. Hala ere, biak bigarren gelditu dira eta playoff-etarako sailkatuta, orduan emaitza oso onak izan dira.

Bai mutilak, bai neskak, sei bandera irabazi dituzte, bigarren gelditu dira. Zein da egiten duzun balorazioa?

Bai nesketan, bai mutiletan goran egotea espero genuen aurreko denboraldiak onak izan direlako. Neskek, iaz, ETE liga irabazi zuten, eta mutilek, hirugarren postua eskuratu zuten. Orduan, helburua bai zen hor goian egotea. Egia da azkeneko estropadetan hor izan direla Deustu eta Zarautz, Zumaia ere tarteko momentu batzuetan. Nesketan, Hondarribiarekin borrokan egon gara liga guztian. Nesketan bai espero genuela Hondarribia jaitsi berria izanda puntutxo bat gorago egongo zela denboraldi-aurreko estropadak ikusita, eta gero denboraldian zehar ikusi dugu hor egon garela estropadaz estropada. Egia esan oso pozik gaude emaitza horiekin, hainbeste bandera eskuratu izanaz.

Gainera biek Zarauzko Ikurriña irabazi dute. Imajinatzen dut asteburu hori ere berezia izango zela, ezta?

Bai, pozgarria izan zen. Egia da aurten ere bi estropada antolatu ditugula. Bat uztailean izan zen eta horretan mutilek irabazi egin zuten, baina neskek ez; eta gero abuztukoa, Zarauzko Ikurriñaren inguruan sortzen den arraun festa hori, eta horretan biek lortu zuten Ikurriña. Egia esan, oso zirraragarria izan zen, gainera, itsasoan ikusita biek nola irabazi zuten. Mutilek diferentzia handia atera zioten Deusturi, eta neskak ziabogan segundo batean ziren, eta poparean sekulako erakustaldia eman eta aurretik sartu ziren. Orduan, oso-oso polita izan zen.

Oraindik denboraldia ez da bukatu, Kontxa eta playoff-ak gelditzen zaizkizue. Nola aurreikusten duzue gelditzen zaizuen hilabete hau?

Luze, liga bukatu zenetik hiru aste gelditzen direlako playoff-etarako. Kontxako sailkapen estropada dugu, baina luze egiten da. Uda guztia daramazu astebururo estropada bat edo bi jokatzen, eta azken hilabetean estropadarik ez. Gero, bi estropadetan igoera jokatzen duzu. Nik uste, komunikabide batzuetan aipatu dela denbora luzea dela eta hor zerbait egin beharko litzatekeela, baina hori ez dago gure baitan. Hala ere, lortu nahi dugun horretan jarria dugu arreta.

Aukerekin ikusten dituzu taldeak mailaz igotzeko?

Bai, gainera bi taldeekin ikusten ditut aukerak. Neskak lehengo urtean Kontxako sailkapen estropadan estatxa lehenago askatzea kolpe handia izan zela eta, horri buelta ematea kostatu egin zitzaigun. Horregatik playoff-etara motxila batekin zihoazela zirudien. Aurten beste era batera dihoaz. Bai ikusten dudala Kontxarako sailkatzeko aukerak dituztela eta haiei horrek lagunduko lieke bi asteburuetan estropadak edukitzea, baina aukera askorekin ikusten ditut.

Eta mutiletan berdin. Egia da asteburu honetara arte Ares eta San Juanen artean egon zela playoff-a zenek jokatu behar zuen, eta azkenean Ares izango da. Ares, akaso, hobeto ibiltzen da itsasoan, baina ikusi beharko da Bermeon nola dagoen itsasoa. Itsasoan uste dut gureak hobeto moldatzen direla, eta gero Portugaletek jarriko du hor azkeneko puntua.

Arraunlariak ez dira profesionalak, nola uztartzen dute egunerokoa arraunarekin?

Hasteko, arrauna gustatu egin behar zaizu. Gure kasuan eta nik pertsonalki bizi izan dut, lana jarraian, entrenatu eta gero etxean denbora, eta asteburuetan ere entrenamenduak. Maite behar duzun kirol bat da. Baina egia da, nik askotan esaten dudan gisan, arrauna beste kirol asko bezalakoa dela. Txirrindularia izan nahi duenak denbora pasa behar du eta haren lanarekin uztartu behar duela. Txirrindularitzan profesional izatera iritsi zaitezke gaztetatik hasten baldin bazara, baina arraunetik lau bizi dira eta gainera, normalean, entrenatzaileak izan ohi dira.

Orain zuek aukerak dituzue igotzeko. Igoz gero, araudiari edo egoera horri buelta bat ematea posible ikusten al duzu?

Bai. Nik hor abantaila edukiko nuke bi taldeak igoko balira, gizonezkoa igoko balitz erabakitzeko aukera edukiko nukeelako, eta badaukagu emakumeen traineruaren alde zerbait egitea edo saiatzea behintzat. Elkarteak edo traineruak daude emakumeen trainerurik ez daukatenik, eta ez dute hainbeste begiratzen emakumezkoen ligara.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Usurbildarrak arraunera animatu nahiko nituzke Zarauzko elkartera. Badakit beste bat daukagula justu tartean, baina Zarauzko elkartera hurbildu daitezela.