Otsailetik ekainera arte, bost greba aste egin ostean, greba mugagabeari ekitea erabaki dute medikuek. Greba batzordea ostegun honetan bildu zen, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak aditzera eman duenez, Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak sustaturiko "Estatutu Markoaren aurkako mobilizazioetan jarraitu beharreko urratsak zehazteko".
Aurreko astean iragarria zuten greba mugagabea egitea aho batez, data zehaztu ez zuten arren. Aipatu moduan, atzo ziklo horren hasiera zehaztu zuten. Urriaren 28an greba mugagabeari ekingo diote sendagileek. Estatu mailako greba izango da. Deialdiarekin bat egitea erabaki dutenen artean da, Euskadiko Sendagileen Sindikatua.
Estatutu propio bat ari dira galdegiten haien lan-baldintzak arautzeko. Espainiako Gobernuak sustaturikoaren aurka daude.
Bost greba egun
Medikuen greba mugagabea iragarri bezperan, gehiengo sindikalak (SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT) bost greba egun iragarri zituen atzo udazken honetarako Osakidetzan, urriaren 30ean hasi eta abenduaren 14ra arte. Greba dinamika horren lehen eta azken egunean Osakidetza osorako egin dute greba deialdia. Tarteko hiru egunetan, abenduaren 9tik 11ra bitarte, herrialde mailakoak izango dira deialdiok; Gipuzkoakoa, abenduaren 11rako iragarri dute.
Egun, "lan-baldintzen akordioa eguneratzeko eta langileen ordainsariak hobetzeko" mahai gainean ez dagoela inolako proposamenik jakinarazi dute sindikatuok, "Osakidetzak kontrako itxura eman nahi izan badu ere".
Horregatik, "Osakidetzari eskatzen diogu benetako edukiak jorratu ditzala Mahai Sektorialean, eta proposamen zehatzak eta sakonekoak egin ditzala osasun publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko". Izan ere, gogora ekarri dutenez, "uztailaren bukaeran SMErekin (Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin) sinatutako akordioak bi gauza uzten ditu agerian: lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela; eta Eusko Jaurlaritzak ez duela kolektibo guztien egoera hobetzeko borondaterik. Horrek mobilizatzera eta gure eskubideak kalean exijitzera bultzatzen gaitu".
Ondorioz, "Osakidetzari eskatzen diogu negoziazio-prozesu bat ireki dezala, langile guztientzako konponbide errealak lortzeko eta herritarren osasun-arreta hobetzeko. Ohartarazi diogu orain hasiko diren mobilizazioek lan-baldintzen benetako hobekuntza lortzeko beharrezko iraupena eta intentsitatea izango dutela. Konponbidea Jaurlaritzaren esku dago".
"Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea" izango dute xede greba egunok guztiok. Horregatik, sindikatuok gaur agerraldi bidez eskatu dutenez, "mobilizatzeko deia egiten diegu langileei, behingoz kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzeko, horiek guztiak ezinbestekoak baitira Osakidetzak egunero funtziona dezan. Era berean, erabiltzaileak eta eragile sozialak mobilizazio horietara batzera gonbidatzen ditugu".
Sindikatuok aldarrikapen hainbat adostu dituzte osaturiko bilgunean.
Greba deialdia Osakidetzan
Greba egunak: urriaren 30ean eta abenduaren 14an Osakidetza osoan, abenduaren 9an Araban, abenduaren 10ean Bizkaian eta abenduaren 11n Gipuzkoan.
Sindikatuok aldarri nagusiak:
- Hitzarmena berehala negoziatzea, 18 urte baino gehiago igaro ondoren osorik eguneratzeko, honako gai hauek barneratuz:
- Kolektibo guztien ordainsariak eguneratzea, soldata hobetuta, galdutako eros-ahalmena berreskuratzera bideratuta.
- Lanaldi arrunta murriztea, urteko ordu-kopurua eta/edo asteko 35 orduak hobetzeko unea da.
- Lizentzia eta baimenetan benetako aurrerapausoak ematea.
- Profesionalen arteko desberdintasunak ezabatzea eta irizpide bateratuak aplikatzea Osakidetzako ESIetan.
- Behin-behinean, SMErekin sinatutako akordioan jasotako neurriak langile guztiei zabaltzea beraien egoerarekin bateragarriak badira.
- Zerbitzuen araberako plantilla-beharren azterketa egitea, egiturazko defizitak identifikatu ahal izateko.
- Belaunaldi-errelebo eta talentua erakartzeko plana diseinatzea eta martxan jartzea.
- Autokontzertazioa eta aparteko orduak progresiboki murriztea eta ezabatzea.
- Sindikatu guztiekin Lehen Arretako eredu berriari ekitea.
- Adinari lotutako konpentsazio-neurriak barne hartzen dituen lan-ibilbidea ezartzea.
- Bateraezintasun-sistema kontrolatzeko eta gainbegiratzeko mekanismoak indartzea.
- Osasun publikoaren pribatizazioaren eta externalizazioaren aurkako neurriak.
- Lan osasuna: langileen lan-karga handiak eta arrisku psikosozialak ebaluatzeko eta arintzeko neurriak.
- Euskalduntze-plana, herritarrek eta Osakidetzako langileek euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dituzten eskubideak bermatuko dituena.
- Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako neurri eraginkorrak eta aurrekontuan aurreikusitakoak.
