Irailaren 19an

Abiatzera doa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, bi herrikiderekin

Noaua Aldizkaria

Irailaren 19tik abenduaren 20ra jokatuko da 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Aurkeztu dute lau urtean behingo edizio berria, parte hartzaileekin. Asier Azpiroz Iztueta zubietarra lehiatuko da. Bestalde, Jurgi Fuentes Goikoetxea epaile lanetan ariko da.

 



Uda aurretik xehetasunak aurreratu zituzten arren, parte hartzaileekin jendaurreko aurkezpena egin dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Izan ere, antolatzaileek iragarri moduan, "iritsi da unea". Irailaren 19an hasiko da lau urteroko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile eta bertsozaleak bildu ditu ostegun honetako ekitaldiak. Hilaren 19an Hazparnen hasi eta abenduaren 20an amaituko da lehiaketa, Iruñeako Nafarroa Arenako final handiarekin.

Lehiatuko diren 50 bertsolarien artean Asier Azpiroz Iztueta zubietarra izango da eta epaile gisa jardungo dutenen artean, Jurgi Fuentes Goikoetxea "mungiar usurbildartua".

Agurainen lehen saioa
Txapelketaren lehen fasea zazpi saioz osatua egongo da, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan jokatuko dena, irailaren 19an hasi eta urriaren 11ra arte. Finalaurrekoen fasea etorriko da gero; urriaren 24tik abenduaren 5era. Azkenik, aipaturiko final nagusia, abenduaren 20an Iruñean izango da. Zortzi bertsolari lehiatuko dira Iruñeako final nagusian. Aurreko edizioko irabazle Maialen Lujanbio Zugastik du ziurtatua plaza bakarra. Gainerako zazpi lehiakideak nortzuk izango diren udazkenean erabakiko da. 

Bertsolari parte hartzaileek lehen fasean noiz eta non parte hartuko duten zehaztua du Bertsozale Elkarteak. Asier Azpiroz Iztuetak urriaren 11n Agurainen (17:00etan Lezao kirolgunean) izango du txapelketa honetako lehen hitzordua. Saio berean lehiakide izango ditu Agin Laburu Rezola, Aissa Intxausti Aburruza, Gorka Pagonabarraga Agorria, Irantzu Idoate Funosas eta Nerea Elustondo Plazaola. Irati Martinez Izaga ariko da gai-jartzaile lanetan.

Aurtengo edizioak nobedaderik badakar. Izan ere, 2022koarekin alderatuta, "sei bertsolari gehiago ditu aurtengo aldiak: Arabako bi, Nafarroako bi eta Xilabako bi. Hori horrela, saio bat gehitu zaio txapelketari, eta, lehen fasean, sei saioren ordez zazpi izango dira. Zazpi saio horiek Euskal Herriko zazpi probintziatan jokatuko dira".

Saio guztietarako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsozale Elkarteak lehiaketa garaiaren "unea baliatu nahi du Elkarteak mapan kokatzeko bertsoa, kultura eta euskara. Izan ere, kultura eta euskara ito nahi duten honetan, hitza giltza eta euskara funtsa dituzten diziplinak arnasgune eta arnasaldi direla azpimarratu da".

Informazio gehiago bertsozale.eus atarian jaso ahalko duzue.