Etxebizitza Bulegoa ireki du Udalak gizarte zerbitzuen aurreko egoitzan

Noaua Aldizkaria

Usurbilgo Udalak Etxebizitza Bulegoa ireki du gizarte zerbitzuen aurreko egoitzan. Uztailetik martxan egon arren, herritar guztientzat zabalik izango da aurrerantzean. 

"Etxejabeek zein maizterrek edo etxe bila dabilen edonork jo dezake bertara", adierazi zuen Iratxe Begiristain udal zinegotziak zerbitzu berria aurkezteko, ostiral honetan eginiko agerraldian. Berarekin batera ziren, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa eta Ioritz Rasero Ortuzar, Zabalduz-eko kidea.

"Bulegoak doako aholkularitza zerbitzu pertsonalizatua eskainiko du bitartekaritzarekin alokairuko bermeen eta dirulaguntzen zein onura fiskalen berri eman eta dokumentazio eta tramiteei buruzko zalantzak eta galderak erantzungo ditu", zehaztu zuen Begiristainek.

Doako aholkularitza zerbitzua izango da. Baliatu nahi duenak aurrez hitzordua eskatu eta eskaera horretan kontsultatu nahi den gaia zehaztea galdegin dute, hartara, aholkularitza saioa lagungarria izateko.

Etxebizitza bulegoa
Kokapena: Kale Nagusia 43, behea (Gizarte Zerbitzuen aurreko egoitza)
Aurrez aurreko ordutegia:
-Asteazkenetan: 14:00-19:00.
-Ostiraletan: 9:00-14:00.
Telefono bidezko arreta: astelehenetik ostiralera, 9:00-15:00.
Telefono zenbakia: 722 151 640.
E-posta helbidea: etxebizitzabulegoa@usurbil.eus

"Neurri integralak"
Alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak "udal etxebizitza politikari lotutako pauso berri" gisa definitu zuen Udal Etxebizitza Bulegoaren irekiera. Aurrera begira, udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez, "bestelako neurriak ere hartzeko asmoa badaukagu, etxe hutsak bide horretan justifikaziorik gabe mantentzen diren kasuetan. Neurri fiskalak aztertzen ari gara etxe horiek alokairura ateratzera bultzatzeko".

Baina ez da izan norabide horretan emandako urrats bakarra. Udalak etxebizitza plan du hiru urteotarako, "neurri integralak jasotzen" dituena, garai zailotan, "Udalaren etxebizitza politika indartzeko" helburuz. Testuinguru horretan, Udalak Zabalduz kooperatiba kontratatu du 30.000 euroren truke, elkarren osagarriak diren hiru lan-ildoetarako; batetik, aipaturiko Udal Etxebizitza Bulegoa irekitzeko. Bigarrenik, "etxebizitza hutsen inguruko dignostikoa" osatzeko eta horren bidez, "etxebizitza horiei erabilera emateko. Legeak berak zehazten du, lehenetsi egin behar dela etxebizitzen erabilera soziala. Erabilera sozial hori lehenesteko etxebizitza horiek erabiltzea, merkaturatzea eta ahal bada, alokairu publikora igarotzeko neurriak eta kudeaketak egingo ditugu", iragarri zuen alkateak.

Oso garrantzitsutzat jotako hirugarren lan-ildoa; udalaren jabetzako hemeretzi etxebizitzetako bizilagun herrikideei "akonpainamendu soziala egitea bada beste asmo edo proiektuetako bat". Alkateak gogora ekarri moduan, "aspalditik ditu udalak etxebizitza hauek eta, beraz, esango nuke, urte luzeetako ezagutza badugula etxebizitza horien inguruan". Usurbilgo herria soziologikoki aldatzeak etxebizitzon erabiltzaileen profila ere aldatzea ekarri du. Etxe bat alokairuan hartu edo erostea "jende askorentzat zaila bada, etxebizitza horietan bizi direnentzat are eta zailagoa edo kasik ezinezkoa bihurtzen da". Ondorioz, "gertatzen ari da, bost urteko epealdia igarota, ezin etxebizitza horietatik atera eta horrek kudeaketa arazoak eragiten ditu. Askoren kasuan ere, integrazio komunitarioko arazoak ere baditugu" bai Usurbilen zein inguruetan egiturazkoak bihurtzen ari direnak Solaberrietaren esanetan. Arazo horiek "neurri handi batean, etxebizitza merkatuaren egoerak berak eragindakoak" dira.

Ondorioz, beharrezkotzat ikusten du udal gobernu taldeak etxebizitzon kudeaketa eredua aldatzea, "ondorioztatu dugulako, etxebizitzaren kudeaketa administratibo hutsak egiteak ez duela bermatzen, etxebizitza horietan bizi diren pertsonen ongizatea eta kohesio hori sortzea. Laguntza sozialerako eta komunitarioko zerbitzu bat gehitzeak, ordea, ulertzen dugu bizikidetza sendotu dezakeela, egon daitekeen isolamendua saihestu dezakeela. Hori da martxan jarri dugun lan-ildo honen helburua". 

Tentsio handiko eremuan
Proiektu guztion abiatzea, Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremuan dela dator. Iazko urriaren 30az geroztik du izendapen hori indarrean udalerri honek. Etxebizitza arloari lotutako eskumena Eusko Jaurlaritzarena izan arren, "ulertzen dugu Udaletik ere badugula zer egina eta zer esana", horren adibide Udalak iragarritako lerrootako proiektuok. 

Izan ere, aipatu izendapenak hiru urterako iraupena du. Denbora tarte hori igarota, egoera hau iraultzen ez bada, edota haren eragileek bere horretan jarraitzen badute, "izendapen hori luzatu daiteke, baina dudarik ez da, helburua badela egoera hori eragin zuten baldintzak aldaraztea".

Izendapen hori eskuratzeko bi baldintza ezarriak ditu 12/2023 legeak: "azken bost urteetan alokairuaren prezioa KPI baino hiru puntu gehiago igo izana eta bestetik, herritarrek euren diru-sarreren edo errentaren %30 baino gehiago bideratzea etxebizitzari lotutako gastuetara".

Usurbilek lehen baldintza betetzen zuen, "Etxebizitzaren Euskal Behatokiak bere garaian egindako txostenak alokairuaren prezioa gehien hazi den udalerrien artean kokatu baitzuen gure herria, %19,90eko igoerarekin".

Bigarren baldintza gutxigatik ez zuen betetzen Usurbilek, izendapen hau eskuratu aurretik. Herritarrek haien diru-sarreren %28 bideratzen zuten etxebizitza gastuetara. Bi baldintzotako bat betetzea aski zuen udalerri honek tentsio handiko eremuan sartzeko. Horrez gain, Udalak herri honetako etxebizitzei lotutako diagnosia eta hiru urterako plangintza osatu behar izan zituen. "Plan horretan aurreikusitako hainbat eta hainbat neurri martxan jartzea da orain Udalaren asmoa"; tartean, lerrootan aipaturikoak.

HAPOa indarrean sartzear
Horrekin batera, udalbatzak berriki onarturiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren azken dokumentua behin betiko onetsi du Foru Aldundiak. Ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean laster argitaratu ostean, sartuko da indarrean HAPO-a, 2004-13 urte arteko arau subsidiarioak ordezkatuko dituena. Herri honen etorkizunaren antolamendua zehaztuko du, besteak beste, etxebizitzaren arloan.

"Hurrengo hamabost urteotarako, Usurbilen 715 etxebizitza berri eraikitzeko aukera zabaltzen du", alkatearen esanetan. Baina "hori guztia, modu ordenatu, kontrolatu eta Usurbilgo beharren araberako garapen bat eman dadin, HAPOaren jarduketa programa edo plangintza bat jaso genuen. Usurbildarren beharrei erantzuteko eta garapen eta hazkuntza kontrolatu bat egiteko tresna da jarduketa programa hori".

Eraikitako bizitegian esku hartzea lehentasun
Lurjabeekin Udalak eginiko lanketen ondorioz adostutako hirigintza hitzarmenei esker, "etxebizitza horietatik %62a, datu azpimarragarria, merkatuz kanpoko etxebizitza babestuak izango dira; %48 babestutako etxebizitza sozialak eta %14a tasatuak".

Halere, "guk argi dugu, etxe berriak eraikitzea ez da etxebizitzaren arazoari aurre egiteko irtenbide bakarra eta horretan ere indarra egin nahi dugu". Hala, aipatu etxebizitza planak gaiari "modu integral batean aurre egiteko neurriak eta lan-ildoak jasotzen ditu", lehentasunezkoak direnak udal gobernu taldearentzat; horien artean, "gaur egun eraikia dagoen bizitegi parkean esku hartzea, bizitegi parke hori optimizatzea eraikuntza kontrolatu baten beharrarekin uztartuta, gure herriaren garapen jasangarri eta kontrolatua bermatzen duelako eta pertsona guztientzako zerbitzu publikoen kalitatea mantentzeko aukera ematen digulako".

166 etxe huts
Etxe hutsei begira da Udala. "Jakin nahi dugu zehatz-mehatz zein diren hutsik dauden etxebizitzen egoera, zergatik dauden hutsik. Hutsik egotearen arrazoiak jakinez gero, arrazoi horietan eragiteko aukera gehiago ematen digulako. Arrazoi horien berri emateko etxebizitza hutsen jabe diren herrikide edo pertsona gehienekin harremanetan jarri da Udala eta beraz, une honetan, eskuartean badugu informazio baliotsudun diagnostikoa, horren araberako neurri eta politikak martxan jarri ahal izateko".

Zabalduz kooperatibak egin du bizilagunik gabeko etxebizitzei buruzko azterlana; "udal errolda, foru katastroa eta ur-kontsumoa gurutzatu" dituzte, Ioritz Raserok azaldutakoaren arabera. "Udalaren kalkuluen arabera, eta legeak ezarritako irizpideak aintzat hartuta", 166 izan daitezke herrian egon daitezkeen etxebizitza hutsak.

Semaforoaren sistema bidez, hiru multzotan sailkatu dituzte bizilekuok, koloreen arabera. Gorrian daude, "epe laburrean erabili ezin diren etxeak", 166tik zazpi. Horian dira gehienak (%60a), 99 hain zuzen. Herentzia, beldur edota beste hainbat arrazoi tarteko, "eskuragarri egon daitezkeenak" dira. Azkenik, eremu berdean daude 60, %36a, "jada mobilizatuak izan diren etxeak, bai alokairuan jarri direlako azken urte honetan, edo saldu direlako edo salmentan direlako".

Datuon arabera, bistan denez, etxebizitza hutsen kopuru handiena eremu horian dago. "Uste dugu bitartekaritza eta konfiantza eskainiaz, etxebizitzok merkaturatzeko aukera handiak daudela". Jabeoi buruz Raserok nabarmendu zuenez, "Usurbilgo etxebizitza parkeak ez dio edukitzaile handien, espekulatzaileen logikari erantzuten, baizik eta egiturazko oztopoak dira daudenak". Oztopoon artean daude, "zahartze fisiko handia dutela, bataz beste 58 urteko antzinatasuna dute. Bestalde, herentzia gatazkak daude eta jabeek ez ordaintzeei eta kalteak eragiteei dieten beldurrak".

Horren aurrean, Raserok ziurtatu zuenez, "Udal Etxebizitza Bulegoak nahi duena da azaldu eta erakutsi, zeintzuk diren dauden bermeak etxea segurtasunez alokatzeko".

Dagoeneko gutun bana helarazi diete 166 etxebizitza horien jabeei, "azalduz nola detektatu den bere etxea posible dela hutsik egotea. Dei bat jasoko zutela, azaltzeko zergatik dagoen hutsik edo ez".

Raserok ekimenak izandako harrera oso ona nabarmendu zuen. "Eskertu egin dute hartueman hau. Badaude etxe jabe batzuk kontaktuak jarri izan direnak informazioa eskatzeko, alokairuan jartzeko dauden baliabideen inguruan".