"Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez!" aldarripean, milaka lagun batu zituen Ernai gazte antolakundeak igande honetan, irailaren 14an Donostian eginiko mobilizazioak. Estropadak amaitu ostean, 13:30etan hasita Gipuzkoako hiriburu erdiguneko kaleak zeharkatu zituen ekimenak. "4.000 gaztetik gora elkartu gara Donostian. Herri bat faxismoaren kontra. Herri bat etengabe askatasunaren alde. Euskal Herrian badago alternatiba, eta Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna da. Jarrai dezagun lanean!", egin du gonbita Ernai gazte antolakundeak, manifestazioaren ondotik.
Deialdiarekin bat egin zuten hainbat usurbildarrek. Haien ordezkaritza bat aurrez elkartu zen, manifestazioa hasi baino ordu-erdi lehenago, hiriburuko udaletxe atarian, herri argazkirako.
"Faxismoaren aurka eta herri honen askatasunaren alde"
Ernai Usurbilen esanetan, "garai erabakigarriak bizi ditugu. Ezagutzen dugun mundua eraisten ari da eta jada ezer ez da berdin izango. Gerra hotsak, genozidioa, eraso militaristak... Egunerokotasunean entzuten ditugu, telebistan, irratian, kaleetan, pankartetan, karteletan... Eta noski, askotariko zapalkuntzak bizi ditugu egunez egun, geroz eta bortitzago. Orain arte prekarizatuta bizi baginen, orain are prekarizatuago biziko gara gazteok. Egoera ezegonkorra den heinean, are ezegonkorragoak izango dira gazteon bizitzak".
Gogora ekarri dutenez, "kapitalismoak, ezegonkortasuna nagusitzen den garai honetan, beharrezkoa du beraien parametroetan kokatu eta zentzu komunean ideia atzerakoiak zabalduko dituen olatu erreakzionarioa. Faxismoak bere ideiak zabaltzeko jendeak geroz eta ideia kontserbadoreagoak eta erreakzionarioagoak izatea behar du. Horregatik, faxistek olatu erreakzionario hori indartzen dute. Hori sare sozialetan, hedabideetan, kalean, plazetan, lagunarteetan ikusten da".
Euskal Herriari dagokionean, "faxismoak espainolismoaren forma hartzen du eta hau ez da ausaz gertatzen. Espainolismoaren forma hartzen du, Euskal Herriaren proiektua kontrajarria zaielako. Kontrajarria zaie, proiektu integral bat eskaintzen dugulako eta kontrajarria zaie, urteak daramatzagulako lanean eta euste horma indartsu bat eraiki dugulako".
Horregatik guztiagatik, "egiteko bat da inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde lan egiten dugun gazteontzat faxismoaren aurka eta herri honen askatasunaren alde borrokatzea. Eta zu ere, beharrezkoa zaitugu".
Ver esta publicación en Instagram
Ver esta publicación en Instagram
Egun faxismoa kezkaz bizi duten kulturgintzako, aisialdiko, kiroleko eta hainbat mugimendu sozialetako pertsona erreferentzialek, faxismoaren kontrako manifestua sinatu eta irailaren 13an mobilizatzeko deia zabaldu dute.
— Ernai (@ernaigazte) September 3, 2026
Herri oso batek faxismoari ez!
Euskal Herria irabaztera! pic.twitter.com/jrFM8cxTWE