2026-27

Ikastaroen eskaintzak mardultzen segitzen du

Noaua Aldizkaria

Ikastaroen eskaintza indartzen doa, irailean barneratu ahala. Lerrootan dituzue, azken egunotan jasotako trebakuntza saio berriei buruzko xehetasunak.

Usurbilgo Dantza Garaikide taldea
Usurbilgo Dantza Garaikide taldea ere ikasturte berria abian jartzera doa. Izan ere, "aurtengoan ere Dantza Laborategia martxan jarriko dugu Usurbilen urritik aurrera!", iragarri dute. Izen-ematea ireki aurretik, ordea, haien dinamika ezagutzera gonbidatu gaituzte. Horretarako, ate irekien saioa antolatu dute irailaren 23an, 19:00-20:30 artean, Oiardo kiroldegiko dantza gelan. "Etorri lasai probatzera, ezagutzera, galdetzera... Bertan, beso zabalik jasoko zaitugu!", egin dute gonbita. Gogora ekarri dutenez, "mugimendu kontzientea, gorputz adierazpena, inprobisazioa, sormena eta dantza bizitzeko modu atsegin bat eskaintzen dugu, talde jator eta giro paregabean".


Kantu Taldea
Irailaren 26rako antolatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak uda parteko etenaldiaren osteko lehenengo kantu-jira, 12:00etan Mikel Laboa plazatik. Hitzordu berezia izango da. Izan ere, Bardozeko Xarnegu ikastolako guraso eta kantujirako kideekin batera egingo dute bira herrian barrena. Ikasturte berria aste hasiera honetan abiatu dute. Aurrerantzean, astelehenero biltzen segiko dute 18:00etan, Agerialdeko musika gelan. "Euskal abestiak maite dituen edonork, ateak zabalik ditu. Hortaz, hurbildu lasai asko oso ondo pasako duzu gurekin!".


Udarregiko bertso-eskola
LH3-DBH4 artean bertsolaritza eskolak ematen jarraituko dute Udarregi ikastolan, Lierni Rekondo bertsolariaren gidaritzapean. Urritik maiatzera izango dira saiook, astelehenero, 12:30-13:30 artean LHkoentzat eta 13:30-14:30 artean, DBHkoentzat. Urte osoko kuota, 65 eurokoa izango da. Batxilergoko ikasleak, bestalde, ostegun arratsaldeetan bilduko dira, 16:30-17:30 artean Potxoenean. Informazio gehiago behar duenak, telefono zenbaki honetara deitu dezake: 608 768 539 (Josu).


Yoga Aginagan
Juanjo Lertxundik yoga ikastaroa eskainiko du urriaren 7tik aurrera Aginagan. Asteazkenero eskainiko du saioa, 16:30-18:00 artean. Hileroko kuota 50 eurokoa izango da, 40 eurokoa jubilatuentzat. Plaza kopuru mugatua egongo da. Informazio gehiago jasotzeko, telefono zenbaki honetara deitu daiteke: 637 413 691.


Judoa
Zabalik du Usurbil Judo Klubak kirol urte berrirako izen-emate epealdia. Horren harira, honako oharra helarazi dute NOAUA!ra: "Judo egiteko nahia edo interesa duenak irailean zehar, astelehen eta asteazkenetan, 17:00-20:30 artean, kiroldegiko tatamitik pasa eta bertan informazio guztia eta inskripzio orriak emango zaizkizue. Eskerrik asko". 


Esperientzia Eskola eta oroimen tailerra
"Lan mundutik erretiroa hartu eta ikasteko grina" duen 55 urtetik gorakoei zuzendua dago udal gizarte zerbitzuek eskainitako Esperientzia Eskola. Matia Institutuak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko saioak asteartero izango dira, 16:00-18:00 artean. Bestalde, Lahar elkargoak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko oroimen tailerra memoria landu nahi duten adinekoei zuzendua dago. Bi eskaintzak urritik ekainera izango dira. Zahartze aktiboa sustatzea dute helburu.

Oroimen tailerrean zein Esperientzia Eskolan izena irailaren 25a baino lehen eman ahalko da doan, gizarte zerbitzuetako 943 377 110 telefono zenbakira deituta edo presentzialki, udal zerbitzuon Barrenkaleko egoitza berrian, astelehenetik ostiralera, asteazkenetan izan ezik, 09:00-14:00 artean. 


Santuenea Kultur Elkartea
Hilabete honetan hasi eta hurrengo urteko ekainera arte ikastaro sorta antolatu du Santuenea Kultur Elkarteak:
-Jubilatuentzat: memoria (astelehenak, 18:00-19:30), taichi (urriaren 5etik aurrera, astelehenetan 17:00-18:00 artean, Santuenea 12an), bingoa (ostiralak, 17:00-19:00).
-Gainerako ikastaroak: aeroyoga (astelehenak 18:30-20:30, asteazkenak 9:15-11:45 edo 17:30-20:45, ostegunak 17:15-20:30), chikung (astearteak 17:45-20:45).
Izen-ematea: aeroyoga (615 715 991, Leire), chikung (686 957 027, Alex), taichi (675 006 445, Maribi).


Zirriborro

Pintura eta eskulan tailerrean izena emateko aukera duzue. 2026-27 ikasturtean zehar, egun eta orduotan eskainiko dira saioak:
-Astelehenetik ostegunera: 16:45-18:00 (lehen txanda), 18:15-19:45 (bigarren txanda).
-Ostiraletan: 16:45-18:15.
-Astearteetan: 09:00-11:00.
Izen-ematea 609 41 38 83 (Whatsapp bidez).


Etumeta AEK euskaltegia
Ikasturte berrirako matrikulatzeko epea zabalik du Etumeta AEK euskaltegiak. Ohi bezala, euskara ikasteko maila guztiak (A0, A1, A2, B1, B2, C1, C2) eskainiko dituzte. Aurrez aurre eskolak, autoikaskuntza, hobekuntza edota alfabetatze taldeak izango dira. Ordutegi malgutasuna eskainiko dute.  Izena bideotatik eman ahalko da, argibide gehiago jasotzearekin batera:
Nagusia, 43 (astelehenetik ostegunera 11:00-13:00 artean eta 17:30-20:00 artean. Ostiraletan, 11:00-13:00 artean)
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek

Eskaintza horrez gain, Udalarekin lankidetzan euskara-hastapeneko eta jubilatuentzako doako ikastaro bana eskainiko du Etumeta AEK euskaltegiak:
-Euskara-hastapeneko ikastaroa: urritik ekainera, astearteetan, 18:15-19:45 artean Potxoenean.
-Jubilatuentzako ikastaroa: urritik ekainera, ordu eta erdiko saioa astean behin, Artzabalen. Ordutegia, iraila amaieran zehaztuko dute. Halere, ostegunero, 18:00-19:30 artean izatea aurreikusten dute. Izen-ematea: Potxoenean, euskara@usurbil.eus helbideanedo 943 371 999 telefono zenbakian.


Euskara errefortzu saioak
Laugarren ikasturtez jarraian, herriko ikastetxeek eta Usurbilgo Udalak euskara errefortzu saioak antolatu dituzte. "Eskolatik kanpo euskaraz aritzeko eskaintza indartzeko egitasmoa da, doakoa, HH5 eta DBH4 bitartean euskara gaitasunik ez duten edo maila apala ikasleentzat pentsatua". Helburuei dagokienean, xedeok ditu egitasmoak: euskararen ulermena eta ahozko adierazpena hobetzea; euskaraz aritzeko ohitura eta konfiantza handitzea; eskolatik kanpo euskaraz bizitzeko guneak eskaintzea; hizkuntza-kontzientzia lantzea; euskal kulturarekiko lotura indartzea. Saioak "eskolaz kanpo izaten dira, talde txikietan, jolasaren bidez, urritik maiatzera. DBHko ikasleen kasuan, etxeko lanak ulertzeko laguntza gehigarria ere jasoko dute. Sei talde osatzeko aukera dago: lau Udarregi ikastolan eta bana Zubietako eta Aginagako eskola txikietan".

Izena irailaren 25era arte eman ahalko da ikastetxearekin edo zerbitzua kudeatzen duen Ttakun Elkartearekin (zerbitzuak@ttakun.eus / 650 459 354) harremanetan jarrita edota esteka honetako galdetegia osatuta: Galdetegia.

Ikasturte berriko saioon ordutegiak zehaztu dituzte. Urritik maiatzera izango dira:
Udarregi ikastolan 
 • HH5-LH1: 16:45-18:15 (astelehen eta asteazkenetan).
 • LH2-3: 18:00-19:30 (astearte eta ostegunetan).
 • LH4-6: 18:00-19:30 (astearte eta asteazkenetan).
 • DBH: 18:30-20:00 (astearte eta asteazkenetan).
Zubietako eskola txikian: 16:30-17:40 (astelehen eta ostegunetan).
Aginagako eskola txikian: 16:30-18:00 (astearteetan).

Informazio gehiago, euskara@usurbil.eus helbidean jaso ahalko duzue.


Einean elkartea
Ikastaro eskaintza hau plazaratu dute:

Yoga
Irakasleak: Katia 636 711514 / Sebas 605 722825
Luzaketak, arnasketak, lasaitzea...

Pintura
Irakaslea: Susana 609 41 38 83
Olioa, akuarela, pastela...

Eskulanak
Irakaslea: Susana 609 413883
Teknika ugari ikasi gauza politak sortzeko edo berritzeko.

Josteko tailerrak
Irakaslea: Ione 673 642932
Sormena eta joskintza.


Txalaparta eskola
Jexux Artze Kultur Elkarteak 2026-27 ikasturterako antolaturiko eskaintzan izena emateko epealdia zabalik da. Horretarako nahiz informazio gehiago bideotatik eskuratu ahalko da: 695 716 878 / usurbiltxalaparta@gmail.com


KzGunea
Irailean zehar goizez irekiko dute, 09:00-13:00 artean. Hona hemen, hurrengo asteotan KzGunean eskainiko diren ikastaroen berri:
-Irailak 16, 09:00-11:00 “Google Translate. Testuak eta web orriak itzuli”.
-Irailak 17-30, 09:00-11:00 “Ofimatika tresnak. LibreOffice”.
-Urriak 1-5, 16:00-18:00 "Canva. Ikasi diseinatzen".
-Urriak 6-16, 16:00-18:00 "Kudeatu zaitez Google aplikazioekin".
-Urriak 19, 16:00-18:00 "BakQ ziurtagiria".
-Urriak 20-30, 16:00-18:00 "Google aplikazioak zure smartphonean".
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net

Orbeldi dantza taldea
Ikasturte berrirako ikastaroetan izena emateko irailaren 15era arteko aukera izango da. Informazio gehiago, orbeldi.udt@gmail.com helbidean eskuratu ahalko duzue. Segidan duzue, prestatu duten ikastaro eskaintzaren berri:

Haurrak (LH1-DBH)
LH 1-2: 16:45-17:45 astelehenetan.
LH 3: 16:45-17:45 astearteetan.
LH 5: 16:45-17:45 asteazkenetan.
LH 6: 17:45-18:45 astelehenetan.
DBH: 19:30-21:00 astelehenetan.

Helduak
Oinarrizko Euskal Dantzak: astelehenetan 19:00-21:00 artean.
Euskal Dantza Taldea:  astearteetan 19:00-21:00 artean.
Plaza Dantza Taldea: asteazkenetan 19:00-20:30 artean.



Emakumeon Etxea
Twerk (Booty Dance)
Irakaslea: Ikerne Mendieta Uskola.
Saioen egutegia: urriak 25, azaroak 22, abenduak 6 eta urtarrilak 24 (igandeak).
Ordutegia: 10:30-14:30.
Lekua: Oiardo Kiroldegia.
Hizkuntza: elebitan.
Zehaztasunak: "Mendeetan zehar emakumeen gorputzak, uteroak eta aldakak atrofiatu dituen gizarte gaixo batek sortutako gaitzak pairatzen ditugu oraindik. Gorputzetik osotasunez eta zintzotasunez jarduteko behar horretatik sortzen da mugitzeko proposamen hau. Gorputz zapalduen, estigmatizatuen, epaituen, zaurituen, gutxietsien, ezezagunen, eta berezko gaitasunetik eta indarretik deskonektatuen sendabide eta askapen gisa, hain zuzen ere. Utero eta aldaken mugimendu naturala, sentsualitatea eta norbere gorputzarekin jolastuz gozatzeko gaitasuna berreskuratzeko. Mugimendua osasun eta plazer iturri bizitzeko".

Oinarrizko elektrizitate ikastaroa
Irakasleak: Zubietako Lanbide Eskolako emakumeak.
Saioen egutegia: azaroak 2, 4, 16, 18, 30 (astelehen eta asteazkenak).
Ordutegia: 17:00-20:00.
Lekua: Zubietako Lanbide Eskola.
Zehaztasunak: "Etxean, ohiko lanez gain, tarteka sortzen dira beste zenbait behar. Lanpara hondatu da edo entxufe batek ez du funtzionatzen. Iturriak ura galtzen du eta komuneko bonbak ez du ondo ixten. Apal bat jarri nahi dugu edo lekuz aldatu nahi dugu. Hormak pintatu behar ditugu, edo zenbait konponketa egin ostean txukundu egin nahi ditugu. Ikastaroaren helburua da sor daitezkeen beharrei aurre egin eta konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea: tresnak ezagutu eta erabiltzen ikasiko dugu, beldurra galdu eta konfiantza hartuz".

Zoru pelbikoa
Irakaslea: Eneritz Gallastegi Lazkano.
Saioen egutegia: urriak 8 - abenduak 10 (ostegunak).
Ordutegia: 17:00-19:00.
Lekua: Emakumeon Etxea.
Hizkuntza: elebitan.
Zehaztasunak: "Emakumeok, bizitzan zehar, gure zoru pelbikoan eta gure ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi ditugu; erditzea, hormona gora-beherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea... Garrantzitsua da gune horretako muskulazioa prestatzea; bada, ikastaro honek osasunarentzat hain garrantzitsua den arlo hau sentitzen, ulertzen eta hobetzen lagunduko digu".

Batukada feminista
Irakasleak: Arantza Albizu Escobar eta Ainara Sarasketa Alberdi.
Saioen egutegia: urriak 5 eta 26, azaroak 9 eta 23, abenduak 14 eta urtarrilak 18 (astelehenak).
Ordua: 18:00-20:00.
Lekua: Aginagako Eliza Zaharra.
Zehaztasunak: "Musikara gerturatu eta ondo pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde-lanean aritzeko, sormena landu eta autoestimua handitzeko. Denok garelako musika egiteko gai, baita gauza berriak sortzeko ere. Irudimena landu eta besteak entzuten ikasteko. Emakumeok kalera irten eta espazioak okupatu bitartean jendeari gozarazteko".

Emakume filosofo errepublikazaleak etxe bila erbestean
Irakaslea: Marisa Hurtado.
Saioen egutegia: urriak 14 eta 28, azaroak 11 eta 25, abenduak 9 eta 16, urtarrilak 13 eta 27 (asteazkenak).
Ordutegia: 18:00-20:00.
Lekua: Emakumeon Etxea.
Hizkuntza: gaztelaniaz.
Zehaztasunak: "Ikastaro honetan emakume filosofo feministekin batera ibiliko gara Espainiako II. Errepublikaren (1931-1936) euforia-urteetan, baita munduan zehar espazio propio baten bila egiten duen erromesaldi tristean ere. Clara Campoamor, Maria Zambrano eta Maria Teresa Leonentzat filosofatzea zapaltzailearen aurkako erresistentzia-ekintza bat da, eta zoritxarra existentziaren esperientzia ulertzeko eta eraldatzeko bide baten adibide izango dira".

Arnasa hartu eta sentitu
Irakaslea: Johanna Bermeo – Maitelen Koop. Elk.
Saioen egutegia: urtarrilak 16 eta 30 (ostiralak).
Ordutegia: 17:00-19:00.
Lekua: Emakumeon Etxea.
Hizkuntza: gaztelaniaz.
Zehaztasunak: "Arnasa hartu eta sentitu" Usurbilgo emakume zaintzaile profesional eta afektiboei zuzenduta dago, haien ongizate fisikoa eta emozionala indartzeko helburuarekin. Bi tailer praktikoren bidez, parte-hartzaileek estresa kudeatzeko, gihar-tentsioak prebenitzeko eta autozainketa sustatzeko tresnak eskuratuko dituzte. Prebentzioko, autozaintzako eta elkarri laguntzeko guneak sustatu beharrari erantzuten dio ekimenak, zaintzaren iraunkortasunerako funtsezkoa den kolektibo bati laguntzeko".

Mendi-irteerak
Irakaslea: Patri Espinar Labian.
Saioen egutegia: urriak 3, 31 eta abenduak 12 (larunbatak).
Ordutegia: 09:00-14:00.
Hizkuntza: elebitan.
Zehaztasunak: "Emakumeentzako mendi-irteerak gidatuak, natur-eremuetan eta mendietan ibilbide gidatuetaz gozatzeko aukera izango dugu mendi-gidari baten laguntzarekin, beste emakume batzuekin batera, naturaz gozatzeko aukera paregabea".

Biodantza
Irakaslea: Eider Zuriarrain Bergara.
Saioen egutegia: urriaren 6tik urtarrilaren 26ra (astearteak).
Ordutegia: 17:30-19:00.
Lekua: Emakumeon Etxea.
Zehaztasunak: "“Biodantza” musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Musika eta mugimenduari esker, bakoitzak bere pentsamenduen, sentimenduen eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Hasteko norbere burua ondo zainduta, ondoren ingurukoekin harremanak izateko. Besteekiko enpatia garatzen da, eta afektuan oinarritutako harremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da, eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar".