2026-27

Usurbil K.E. denboraldi betean, astebururako sei partida iragarri ditu Oiardon

Noaua Aldizkaria

Eskubaloiko 2026-27 denboraldia hasi den arren, bete-betean asteburu honetan murgilduko dira herriko talde gehienak, Usurbil K.E.-tik aditzera eman dutenez.

Abiatu da 2026-27 denboraldia herriko kirol taldeentzat ere; tartean, Usurbil K.E.-koentzat. "Liga ofizialen hasiera iritsi da", aipatu bilgunetik ohar bidez gogorarazi dutenez. Horren erakusle, asteburuan Oiardo kiroldegirako iragarritako partida kopurua; sei guztira. Tartean, "kadete, jubenil eta senior mailako taldeek denboraldiko lehen neurketak izango dituzte", jakinarazi dute Usurbil K.E.-tik. Infantilen kasuan, "prestaketa-lanekin jarraituko dute datozen asteetan, euren liga txapelketak hasi aurretik".

Jubenil eta kadete mutilen bi taldeek Zumaian jokatuko dute asteburuan. "Bi taldeentzat erronka garrantzitsua izango da Euskal Ligako denboraldiari ekitea. Izan ere, aurreko denboraldian egindako lanaren ondoren, Usurbil KEk kadete zein jubenil mutilen taldeak Euskal Ligara eramatea lortu du. Orain, maila horretan lehiatzeko unea iritsi da".

Lana kantxaratzeko ordua
Usurbil KEko kirol arduradun Julen Nazabalek adierazitakoaren arabera, "asteburu honek «ilusio berezia» du klubarentzat, talde askorentzat benetako lehiaketaren hasiera izango baita. Denboraldia prestatzeko asteak atzean utzi eta lehiaketari ekiteko unea iritsi da. Kadete, jubenil eta senior mailako taldeentzat lehen partida ofizialak izango dira, eta hori beti da berezia. Taldeek orain arte egindako lana kantxan erakusteko eta lehiaketaren erritmoa hartzen hasteko aukera izango dute".

Bereziki azpimarratu nahi izan du Nazabalek Euskal Ligako bi taldeek duten erronka: "Kadete eta jubenil mutilek maila berri honetan lehiatuko dira, eta Zumaiako lehen jardunaldia Pulporen aurka izango da. Esperientzia berria izango da taldeentzat, baina ilusioz eta lanerako gogoz helduko diogu".

Bestalde, infantil mailako taldeei dagokienez, kirol arduradunak lasaitasuna eskatu du: «Infantilek oraindik ez dute liga hasiko, eta lagunartekoek aukera emango digute taldeak prestatzen, jokalariak garatzen eta denboraldiari ahalik eta ondoen heltzen jarraitzeko». Azkenik, Nazabalek zaleei dei egin die taldeak babestera: «Larunbatean Oiardon partida asko izango ditugu, goizetik arratsaldera arte. Talde guztiek behar dute harmailetako babesa, eta aukera polita izango da denboraldiari hasiera emateko gure etxean».


Oiardo kiroldegian
Irailak 19, larunbata
09:00
Infantil neskak, Gipuzkoa: Usurbil K.E.-Pulpo EK
12:15 Infantil mutilak, Gipuzkoa: Tolosa Eskubaloi CF
16:00 Senior mutilak, 2. Territoriala: Usurbil KE-Munttarpe
17:30 Jubenil mutilak, Gipuzkoa: Usurbil KE-Arrasate EB
19:30 Senior mutilak, 1. Nazionala: Saizar Usurbil KE-Uharte

Irailak 20, igandea
12:30
Kadete neskak, Gipuzkoa: Usurbil K.E.-Ereintza Beissier

Oiardotik kanpo
Irailak 19, larunbata
15:00
Jubenil mutilak, Euskal Liga, Zumaian: Pulpo EK-Usurbil KE
16:30 Kadete mutilak, Euskal Liga, Zumaian Pulpo EK-Usurbil KE

Oharrak:
-Zehazteke, jubenil nesken partida. Hernanin jokatuko dute bertako taldearen aurka.
-Senior nesken 2. Territorialeko taldeak irailaren 27an abiatuko du liga.