Bederatzi hamarkada igaro dira, errepublikaren aurka matxinatutako kolpistek Usurbil hartu zutenetik. 1936ko irailaren 18an izan zen. 90. urtemugaren harira, ekitaldi berezia antolatu du herri honen memoria plazaratzen diharduen Usurbil 1936 elkarteak; "Oroimenaren soka eten ez dadin" izeneko hitzordua hain zuzen. Larunbaterako, irailaren 19rako antolatu dute, arratsaldeko 20:00etan Artzabalgo parkean. Euria balitz, Sutegin egingo da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, "elkarteak ekitaldi berezia prestatu du. Garai hartan, herrian gertatutako hainbat pasadizo gogora ekarriko dira". Antzezturiko hitzordua izango da; "hari antzeztu bat egongo da, ez dugu gehiago esango". Hari horren bidez, "garai hartako pasarteak, bai herrian gertatutakoak edo herritarrekin zerikusia dutenak gogora ekarri nahi ditugu, jendeari ezagutaraztea", Usurbil 1936 elkartetik hedabide honi adierazi diotenez. Xehetasun gisa, aurreratu dutenaren arabera, "nahiko bisuala izango da ekitaldia". Ardatz argi eta nagusi bat izango du; transmisioarena. Izan ere, herri honetan jazotakoa, ezkutuan izandakoa "uste dugu egungo belaunaldiek eta baita datozenek ere, ezagutu behar dutela. Guztion esku dago transmisio lan hori".
Transmisioa, gertatutakoaren ezagutza ez galtzea, berriz errepika ez dadin, ezinbestekoa da. Hortik dator, Usurbil 1936 elkarteak larunbateko ekitaldirako hautaturiko izenburua. "Izan ere, faxismoaren gorakada nabarmena da egun. Begi-bistakoa da zer gertatzen ari den munduan, baita gure gizartean ere. Jabetu behar dugu zer arrisku dauden, duela 90 urte gertatutakoa errepikatu ez dadin". Bestela esanda, "ahanzturaren kontra ere guri dagokigu transmisio hori egitea". Horrek are nabarmenago egiten du, hilaren 19ko hitzorduaren garrantzia. "Deialdia egin denoi etortzeko, uste dugulako merezi duela 90. urteurren hau gogoraraztea; zer gertatu zen eta nabarmentzea zer izan zen hura", Usurbilgo memoria lantzen eta plazaratzen diharduen bilgunetik azpimarratu dutenez.
Ekitaldira joan asmo dutenek, 1936ko gerra garaian Usurbilen bizitakoaz sakon informa daitezke aldez aurretik, aipatu elkarteak duen atarian, bilgunearen usurbil1936.eus webgunean hain zuzen. Urteetako lan mardula osatua du aipatu herri eragileak; "informazio askoko txostena, gaiarekin zerikusia izandako usurbildarren edo Usurbili lotutako informazioa, hogei bat lekukotza ditugu herritarrekin bilduak, egin ditugun ekimenen argazki eta bideoak... Lan osatua da".
Azaroan hurrengo hitzorduak
Larunbateko ekitaldiaren ostean, beste bi hitzordu iragarriak ditu Usurbil 1936 elkarteak azarorako. Batetik, hilabete hasieran bezalaxe tarteka egin ohi duten moduan, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eskutik, Gerraren Memoria ibilbidea osatzeko aukera izango da bisita gidatu bidez, azaroaren 7an. Noiznahi egin daiteke herrian diren totemei segita. Foru Aldundiak antolaturiko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eskainiko da. Hilabete berean, Usurbil 1936 elkartearekin lankidetzan jardundako Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak nazioarteko brigadek Euskal Herrian izandako rolari buruz idatzitako liburua aurkeztuko dute.
