Euskara "Babes Bereziko Kultura-ondasun Immaterial izendatzeko" bidean jarri du Eusko Jaurlaritzak, asteazken honetako, irailaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez jakinarazi duenez, aipatu erakundeko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ebazpenean adierazitakoaren arabera, "kontuan hartuta identifikazioa, kategoria, espazio- eta denbora-esparrua, deskribapena eta elementuak, komunitate eramailea eta transmisioa, bai eta ebazpen honen eranskinean agertzen diren arriskuak eta zaintza-neurriak ere".
Horretarako, gai horri lotutako espedientea jendaurrean jarri du. Bihartik, hilaren 17tik zenbatzen hasita, hogei eguneko epealdia finkatu dute alegazioak aurkezteko. "Espediente hau hasteak berekin ekarriko du euskarari, kultura-ondare immaterialaren hedatzaile den aldetik, berehala eta behin-behinean aplikatzea ondasun hori babesteko araubide berariazkoa, bai eta Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes bereziko kultura-ondasunetarako aurreikusitako babes-araubide erkide eta berezia ere".
"Kultura-ondare immaterialaren kategoria-multzo osoan parte hartzen du"
Aipatu izendapena EAE mailakoa izango da. Izan ere, "hiru administrazio-mugapenetan banatuta dagoen lurraldeari lotuta dago: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoa. Hala ere, diaspora ezarri den eta lotura komunitario sendoak dituen lurraldeetan ere du presentzia."
Eusko Jaurlaritzak izapidetze bidean jarritako espedientean gaineratutakoaren arabera, euskarak "ez du komunikazio-tresna gisa soilik jarduten; aitzitik, komunitate eramaileek beren kultura-ondarea sortzen, interpretatzen eta bizirik mantentzen duten prozesuen funtsezko osagaia da. Hala, kultura-unibertso partekatu baten jarraitutasunari ekarpena egiten dio, eta kultura-adierazpenak sortzeko, transmititzeko eta birsortzeko bitartekoa eratzen du".
Euskara "kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa, kultura-ondare immaterialaren hurrengo kategorian agertzen da bereziki: ahozko tradizioak eta adierazpideak, hizkuntza barne, kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik. Horrek esan nahi du kultura-adierazpenak sortzea, transmititzea, birsortzea eta zaintzea ahalbidetzen duen bitartekoa dela. Aldi berean, zeharkako izaera duenez, kultura-ondare immaterialaren kategoria-multzo osoan parte hartzen du; izan ere, elementu artikulatzaile gisa, komunitate eramaileek ondorengo kategoria hauetan sailkatutako adierazpenak izendatzea, interpretatzea, transmititzea eta bizirik iraunaraztea ahalbidetzen du: usadio sozialak, bertsolaritza, emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak, jai-ekitaldiak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak, eskulangintzari buruzko teknikak, kirola, gastronomia, musika edo dantza".
"Hizkuntza babestu eta zaindu beharra"
Horrekin batera, "kultura- eta hizkuntza-ondare honen arrisku- eta zaurgarritasun-egoera" ere kontuan hartuta, "Unescok euskara hizkuntza zaurgarri gisa katalogatu izanak azpimarratu egiten du hizkuntza babestu eta zaindu beharra, haren bidez sortzen eta birsortzen diren kultura-adierazpenen hedatzaile den aldetik; izan ere, kultura-ondare oso bat hartzen du bere baitan, haren euskarri da eta hura metatzea, gordetzea eta transmititzea ahalbidetzen du. Nazioarteko erakundeak argi eta garbi azpimarratzen du hizkuntza batek erabilera-eremuen galera edo ordezkapen-prozesuak jasaten dituenean, hizkuntza horren bidez transmititutako ondarea bizirik mantentzea ahalbidetzen duten mekanismoak ere ahuldu egiten direla".
Ahulezia hori eragin dezaketen arriskuen artean dago, "batez ere, hizkuntzaren ezagutzaren eta erabilera eraginkorraren arteko desoreka. Izan ere, komunitate eramaileak ahaleginak egin arren, hizkuntzaren erabilerak ez du bere ezagutzaren erritmo berean aurrera egin, eta euskara gizartean normalizatzea oraindik egiteke dagoen erronketako bat da. Horri aurre egiteko, euskara funtzio sozial guztietan erabiltzeko gai diren hiztun osoak eta hizkuntza-kontzientzia aktiboa behar dira".
Arriskuak
Horrez gain, "komunitatean parte hartzeko guneen murrizketak eta kultura eta hizkuntza homogeneizatzeko prozesuek mugatu egiten dituzte ondarea birsortzeko aukerak eta kultura-adierazpenak bizirik mantentzea ahalbidetzen duten gizarte-baldintzak. Hau da, hizkuntza-transmisioaz gain, kultura-ondare immaterialaren transmisioak, oro har, eraldaketa garrantzitsuei egin behar die aurre, globalizazioaren, digitalizazioaren eta belaunaldi berrien sozializazio-moduetan izandako aldaketen ondorioz. Izan ere, irismen globaleko kultura-erreferenteen gero eta hedapen handiagoak nabarmen murrizten du tokiko eta komunitateko testuinguruei lotutako kultura-adierazpenen presentzia soziala, eta identitateak ikasteko eta eraikitzeko moduak eraldatzen ditu, ahozkotasunean, eguneroko bizikidetzan eta parte-hartze komunitarioan oinarritutako transmisio-eredu tradizionalen kaltetan. Horrek zaildu egiten du euskarak hedatzen dituen ezagutzak, kontakizunak, adierazpenak eta kultura-balioak transmititzea".
Komunitatearen zaintzarako borondatea
Euskararen transmisioan komunitateak izandako egiteko erabakigarria ere goraipatu du Eusko Jaurlaritzak. "Euskal hizkuntza-komunitateak historikoki bizi izan duen diglosia-egoerak pertsonen elkartze-mugimendu indartsua sortu du, zeinaren helburua eskubideak eskuratzea eta hizkuntza, kultura eta nortasun propioak dituen komunitate gisa aitortua izatea izan den. Prozesu horrek hausnarketa garrantzitsua eragin du komunitateen baitan, eta horren ondorioz eraiki dira haien autoordezkaritza, nortasuna eta ondarearen defentsa. Komunitate horrek bere nortasuna zaintzeko borondatea aitortzen du, eta haren ardatz gisa hartzen ditu hizkuntza eta horrek hedatzen dituen kultura-ondare immaterialaren adierazpenak. Horrek guztiak komunitatea biltzeko elementu gisa jarduten du".
Horrez gain, emakumeek historikoki "hizkuntzaren, balioen, ahozko tradizioaren eta kultura-ezagutzen eguneroko transmisioan" eginiko ekarpena nahiz sortzez euskal hiztunak ez direnek "hizkuntza eta horrek hedatutako kultura bereganatzeko," agertutako "inplikazioa eta ahalegina" nabarmentzen ditu aipatu Eusko Jaurlaritzaren espedienteak.