Bankako Menditarrak eta Bardozeko Xarnegu ikastolakoak gure artean irailaren 26an

Noaua Aldizkaria

Ipar Euskal Herriko ordezkari talde bana izango dugu gure artean irailaren 26an; Bankako (Nafarroa Beherea) Menditarrak taldekoak eta Bardozeko (Lapurdi) Xarnegu ikastolako guraso eta kantujirako kideak. Haiekin biltzeko hitzordu bana antolatu dute.

Kantu giroz blaitua datorkigu iraileko azken larunbata. Izan ere, hilaren 26an, euskal kantagintzaz gozatzeko hitzordu bikoitza izango da udalerri honetan, bisitan datozen Ipar Euskal Herriko bi ordezkaritza taldeen eskutik.

Hasteko, udako etenaldiaren ostean, eguerdiko 12:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik, hileroko kantu-jira. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak aste hasieran ekin zion berriz entsegu saioei. Orain arte bezala, astelehenero bilduko dira arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Aipatu moduan, datorren kantu-jirari begira dira jada. Saio berezia izango da, ezohiko bidelagunak izango dituena. Izan ere, Bardozeko (Lapurdi) Xarnegu ikastolako guraso eta kantujirako kideak datoz. Hitzordua Nafartarrak taldekoekin lankidetzan antolatu dute Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideek.

Bankako Menditarrak Kalezarren
Aipatu ikastolako kideak ez dira Usurbilen izandako lehen aldia. Udarregi ikastola eta herria ezagutzen izan ziren 2022ko Sagardo Egunean, Nafartarrak taldekoen eskutik. Ireki berria zuten ikastola ikasturte hartan.

Kantuan ariko dira usurbildarrekin batera, hilaren 26an. Kantu Taldeak talde gehiago gonbidatu izan ditu udalerri honetara. 2024ko abenduan, orduko ikasturtea borobiltzeko Nafarroa Behereko Banka herriko Menditarrak taldekoekin kantu-bazkaria antolatu zuten. Euskal kantugintza tradizionala jorratzen duen taldeko kideak bueltan izango ditugu, hilaren 26an bertan, oraingo honetan, Kalezarko Belmonte Auzo Elkartearen eskutik. Arratsaldeko 17:30etan kontzertua antolatu dute Pelaioenea ondoko plazan. Euria balitz, Pelaioenea barruan eskainiko dute emanaldia. "A capella" abesten dute edota gitarra zein akordeoi baten laguntzaz.