Irailarekin batera, indarberriturik ekin dio sasoi berriari Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Mobilizatzen hasiak dira berriz, "Euskal Herriko ia ehun herri eta hirietan", duela zortzi urtetik gora egin bezalaxe. Udazken partera begira, eskuartean bi erronka dituztela jakinarazi dute ohar bidez. Batetik, "Estatuko Herri eta Erkidegoetako pentsiodunen plataformekin" batera, urriaren 24an Madrilen manifestatuko da aipatu pentsiodunen herri mugimendua, "Gutxieneko Pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldata garbiaren %100arekin parekatzea exijitzeko, pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzeko, genero arrakalarekin amaitzeko, legea oraindik bete gabe dagoen Gizarte Segurantzaren kontuen auditoria egiteko eta 40 urte edo gehiago kotizatuta izanik erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzeko...".
Espainiko Gobernuari eskatua diote "pentsiodunen beste plataforma batzuekin batera, 2/2023 Errege Dekretua alda dezala eta Gutxieneko Pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu dezala". Izan ere, "soldatek eta pentsioek erosteko ahalmena galtzen dute eta pentsiodunok urtarrilean baino erosteko ahalmen txikiagoa dugu aurtengo irailean; gero eta pentsiodun gehiago ezin dira hilabete amaierara iritsi eta ezinbestekoa da Gutxieneko Pentsioa berehala parekatzea Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin".
Eusko Legebiltzarrera
Ildo horretan, "Pentsio Sistema Publikoa ebaluatzen duen AIReF Erantzunkizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen azken txostenarekiko" kontrako jarrera agertu du berriz, pentsiodunen mugimenduak. "Txosten horretan, Pentsio Sistema Publikoa bermatzeko doitze-neurri berriak hartzea beharrezkoa ez zela berretsi zuten, nahiz eta aldi berean, Gizarte Segurantzaren Legea aldatzea proposatzen zuten, pentsioen murrizketa berriei atea gehiago irekitzeko. Pentsioak, soldatak eta zerbitzu publikoak murriztearen aurka gaudela diogu berriro ere, gutxi batzuek gerrekin aberasten jarrai dezaten, lehengaiekin eta prezioekin espekulatuz eta mozkinen errekor historikoak hautsiz, hain zuzen ere".
Bestalde, azaroaren 3rako Gasteizen topaketa egingo duela iragarri du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, "lorpenak partekatzeko, ekimen berriak proposatzeko eta gure helburuak lortu arte, aurrera jarraitzeko borondatea berresteko".
Lehenago, ostegun honetan bertan, irailaren 17an, Gasteizko Eusko Legebiltzarrean egitekoa duten Politika Orokorreko osoko bilkuraren harira, "Pradales Lehendakari jaunak eta Torres lehendakariordeak erantzun bat eman behar digute gutxieneko pentsioa LGSraion osatzeko egindako eskaerari. Era berean, EAEko Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegileari betoa jarri ondoren, eskatu genituen agerraldien data eta ordua. Irailaren 17an, ostegunean, EAEko Legebiltzarrera joango gara berriro eskatzeko".