Lehen Txiskeroak, orain Orban. Zergatik aldatu duzue izena?
Alain Harreguy (A.H.): Etapa berri bat hasi dugula iruditzen zaigu. Txiskeroak iruditzen zitzaigun 14-15 urtekin sortu genuen talde horrentzako zela, eta jada ume ikusten genuen izen hori. Horregatik, izen serioago bat jartzea erabaki genuen.
Eta nondik dator izena?
Axel Flores (A.F.): Nik uste sinpleena egin genuela. Alainek diskoaren azala egin zuen, eta orban moduko bat da azala. Hortik datorrela uste dut. Lehenengo diskoa grabatu duzue.
Noiz izango da aurkezpena?
A.F.: Diskoaren aurkezpena irailaren 25ean egingo dugu Sutegi eta Aitzaga tarteko plaza horretan. Enaitz Manterola (E.M.): Iluntze aldera egingo dugu, 19:00etatik 20:00etarako tarte horretan, Iluntzearekin batera aurkezpena egitea polita iruditzen zaigu.
Zenbat kantek osatzen dute disko berria?
E.M: Ama izena du diskoak edo maketak, eta sei abestiz osatuta dago. Bat ezaguna da dagoeneko, Kale Ilunak, eta aspalditik jotzen dugu, eta gainerakoak berriagoak dira.
Zein musika estilokoa da diskoa?
E.M.: Rock-pop estiloa dela esango nuke. A.H.: Nik gehiago rock klasikoa dela esango nuke.
Zer espero duzue lehenengo kontzertu horretaz?
E.M.: Espero baino nahi duguna da dena ondo ateratzea. Egia esan, diskoa honezkero argitaratuta dago plataformetan, eta jendeak iritzi nahiko positiboak helarazi dizkigu guri. Beraz, gu ere gustura gaude, eta aurkezpenean jende pixka bat biltzea espero dugu. A.F.: Nik uste jendea azalduko dela kontzertua ikustera.
Zergatik elkartu zineten lehen aldiz Txiskeroak osatzeko?
E.M.: Eskolatik etorri zen dena. Eskolan azken eguneko kontzertu, ekitaldi edo antzeko zerbait egon zen, eta elkarren artean ezagutzen ginen. Bagenekien instrumentuak jotzen genituela. Hasieran garaje batean hasi ginen, eta ikusi genuenean gauza serioago bat izateko aukera zeukala, udalari eskaera egin genion lokaletarako.
Nola abiatu zen taldea?
A.F.: Denak hasten diren gisa, ez? Bertsioak jotzen hasi ginen.
Abestiek egile bakarra dute ala denen artean egiten dituzue?
A.F.: Askotan etxean egindako zerbaitekin etortzen gara lokalera, eta denon artean forma ematen diogu, eta orduan, sortzen da kantua.
'Ama' zein euskarritan aterako duzue?
E.M.: CDan aterako dugu, baten batek beste modu batera eskatuz gero, agian pentsatuko genuke. Iruditzen zaigu gaur egun diskoa bera ere gutxik erosten dutela. Plataformak egonda eta dagoen eskaintzarekin, jendeak joera dauka plataformetan entzuteko, fisikoan baino. Gure planteamendua ez da binilo eta kasete aldetik joatea.