Laugarren edizioaren atarian den Geuretik Sortuak egitasmoaren erakusketa, astebete barru

Noaua Aldizkaria

Laugarren edizioa abiatzear duen Udalbiltzaren egitasmoari lotutako erakusketa ikusgai izango da, iraileko azken astean Sutegin.

Euskarazko kultur sorkuntza sustatzea xede duen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioa azken txanpan da. Bertan ondutako lanak ikusgai izaten segiko duzue halere, udazken honetan. Helbide honetan kontsulta dezakezue, hitzorduon agenda: https://www.udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/

Edizio honetan, "zazpi komiki, hamaika ipuin, zortzi antzezlan eta lau film labur" ekoitzi dira. Egitasmoari lotutako erakusketa antolatu dute Udalbiltzak eta bertako kide den Usurbilgo Udalak. Irailaren 26tik urriaren 1era bisitatu ahalko duzue Sutegin.

Antzezlan eta ipuin bana
Herri honi lotutako bi egitasmo daude hirugarren edizioko uztaren baitan. Batetik, “Hamaika irakurtzeko jaioak” izeneko bilduman jasoa dago Ixabel Agirresarobe Arzallusek iaz Asparrenan eta Ziordian egindako egonaldian sortutako ipuina.

Bestalde, Jon Ander Urresti bermeoarrak aurreko urtean Usurbilen eginiko egonaldian sortu zuen "Kolapsoa" izeneko antzezlana. "Publizitate agentzia honetako hiru kideak edozer saltzeko kapaz dira. Den-dena, baita behar ez duzuna ere. Batik bat, behar ez duzuna. Despistatu, eta bi buruko koilara bat salduko dizute azkarrago bazkalduko duzula esanda. Edo ohe birakari bat, gauero estresa zentrifugatuko dizuna. Edozer. Txakurrentzako katiuskak eta arbolentzako aterkiak. Jendea Arabar Errioxan ardo urdina eskatzera iritsi zen hauen kanpaina baten ondotik. Azken orduko gertaera batek, ordea, hankaz gora jarriko du agentzia. Gauza bakar bat saltzea lortu behar dute: gehiago ez erosteko gogoa".

Martxoan ikusi ahal izan zen estreinakoz Sutegin, baina gainerako sorkuntza lanak bezalaxe, Euskal Herrian barrena eskaintzen ari dira hilabeteotan. Irailaren 19an Lekunberrin, hilaren 27an Baztanen, urriaren 9an Ikaztegietan, azaroaren 13an Gorlizen edota abenduaren 5ean Asparrenan ikusi ahalko duzue.

Gogoan izan, Udalbiltzaren egitasmoko sortzaileek esleitutako udalerrian eginiko egonaldietatik ondu zituzten haien lanak.

Bi urteroko egitasmo honen laugarren edizioa, udazken honetan bertan abiaraztekoak dira.