Iraileko azken ostegunarekin batera eta abuztuko etenaldiaren ostean, bueltan dira udalbatzaren osoko bilkurak. Datorren saioa etzirako, irailaren 24rako deitua dute. Udalak jada helarazi du ahotan hartuko duten askotariko gaien zerrenda. Besteak beste, diru kontuak izango dituzte hizpideen artean; 2026ko 2. hiruhileko Aurrekontu Exekuzioa edota Ordainketen Batazbesteko Epea.
Horrez gain, "Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza zikloak emateko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako 176/2021 dekretuaren luzapena bost ikarturtetarako onartzea" izango dute, bestelako hizpideen artean.
Zenbait egokitzapenen inguruko erabakiak hartzekoa dira baita. Izan ere, UEMA eta Udalbiltza erakundeetan udal ordezkaritza aldatzekoak dira. Horrez gain, Usurbilgo herri-bideak eguneratzeko lanen azken txanpari bide ematekoak dira; alegazioak erantzun eta behin betikoz onartzekoa.
Jubilatuen elkarteei lotutako zenbait erabaki ere hartzekoa da udalbatza; Artzabal taberna jatetxearen ustiapen eta zerbitzu emakidaren lizitazioan eskaintza onena izendatzea edota Santuenea auzoko Bilgunea ustiatzeko zerbitzuaren lizitazioa hutsik deklaratzea.
Zuzenean eta bideo-aktak
Gogoan izan, iazko udaz geroztik egiten ari diren moduan, udalbatzaren osoko bilkura hau ere zuzenean jarraitu ahalko duzue Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean. Bertan jasoak geratzen dira zuzeneko emanaldi horiek. Gerora, usurbil.bideoaktak.eus atarian ere ikusi ahalko dituzue saio horren eta datozenen bideo-aktak ere. Izan ere, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki", osoko bilkuren digitalizazioan urrats berria eman du Usurbilgo Udalak Goienaren laguntzarekin: bideo akten tresna martxan jarri dute. Hala, aurrerantzean, "osoko bilkurako edukiak sailkatuta" ikusi ahalko dira, "puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", aipatu usurbil.bideoaktak.eus atarian.
Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: irailak 24, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2026ko uztailaren 23ko akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2026ko uztailaren 13tik irailaren 11ra (2026/1073-2026/1316).
3.- Kontu ematea: 2026ko 2. hiruhileko Aurrekontu Exekuzioa.
4.- Kontu ematea: 2026ko 2. hiruhileko Ordainketen Batazbesteko Epea.
5.- 2026/1123 dekretuaren berri ematea: jarduneko alkatearen izendapena (2026IDOR0016).
6.- Udal ordezkaritza aldatzea beste organo eta erakundeetan, UEMA eta UDALBILTZA (2023IORI0001).
7.- Usurbilgo Herri bideen eguneratzea: alegazioak erantzun eta behin betikoz onartzea (2026UDOR0001).
8.- Artzabal taberna jatetxearen ustiapen eta zerbitzu emakidaren lizitazioan eskaintza onena izendatzea (2026LIZE0001).
9.- Usurbilgo Udalak Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza zikloak emateko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako 176/2021 dekretuaren luzapena bost ikarturtetarako onartzea (2026-27tik 2030-31ra) (2026SORO0003).
10.- Santuenea auzoko Bilgunea ustiatzeko zerbitzuaren lizitazioa hutsik deklaratzea (2026LIZE0002).
11.- Galdera eta eskaerak.